Buruntzaldea euskaraz

EU | ES
Buruntzaldea euskaraz

Albisteak RSS

Euskaraldiaren hamaikakoa

2018/06/11 - Iruzkinak: 0

Andoain

Alor ezberdinetan erreferentzia diren hamaika andoaindar izango dira Euskaraldiaren babesle nagusiak. Herri eragile eta ordezkari zabalak babestuta, Euskaraldiak jendaurreko aurkezpena egin berri du. Ekimen gehiago izango dira, azarora bitarte.

Euskaraz bizi nahi duten aditu eta euskaltzaleen artean kezka aspaldikoa zen. Azken hamarkadatako hiztun kopuru handiena izanik, euskararen erabilerak ez zuen aurrera egiten. Erabilera areagotzea erronka modura hartu zen, eta Lasarte-Oria edota Donostiako auzune ezberdinetan esperimentazio ezberdinak egin zituzten. Giltza ez dago erabiltzaile hutsean, baita inguruan ere. Erabiltzen duen eta dakien jende asko dago, baina baita ez dakienik edota jendaurrean ondo moldatzen ez dakienik ere. Hitz egiten eta ulertzen dutenen artean sinergiak bilatuz, Lasarte-Orian Ahobizi eta Belarriprest rolak sortu zituzten. Ahobizi euskaraduna da, eta hitz egiteko eta ulertzeko gai da. Belarriprest euskararen unibertsoan kokatzen da, ulermen maila badu eta euskara gertukoa zaio. Bada, biak elkar lotuz, euskara bilgune eta zubi modura erabili zen. Fenomeno hori datuetara eraman zuten, eta esperimentazioaren ostean euskararen erabilera %21 hazi zen. Are gehiago, saiakera igaro eta hiru hilabetera hazkunde handi hori puntu pare bat baino ez zen murriztu. Euskaraz bizi nahi duten aditu eta euskaltzaleak etorkizunerako estrategia berria marrazten hasi ziren orduan. Hortik dator, beraz, udazkenean Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldia egitasmoa. Euskararen erabilera sustatzeko saiakera garrantzitsua izango da, erakunde instituzionalak eta herri ekimenak elkarlanean jarri dituenak.  

Andoainen, Udalarekin batera, ikastetxeak, kirol eta kultur elkarteak eta norbanakoak Euskaraldia antolatzeko lehen urratsak ematen hasi dira. Joan zen ostiralean Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian Euskaraldiaren ikur izango den hamaikakoa aurkeztu zuten. Bakoitza bere ezagutza mailatik baina guztiak egunerokoan euskararen aldeko konpromisoa erakusten ari dira. Ahobizi paperean arituko dira batzuk, Belarriprest modura besteak. Egun hauetan hamaikakoaren aurkezpen bideoa zabaldu da, eta laster hamaikakoaren partaide bakoitzaren bideo banatan euskararekiko hamaika esperientzia personal ezagutuko dira.

Aurrerapen modura, Iñaki Zabaleta apaiza Ahobizi izango da Euskaraldian: "Nire garaian giro erdalduna nagusi zen kalean, eta baita eskolan ere. Gurasoek etxean euskaraz egiten zuten, baina guri askotan gazteleraz egiten ziguten. Anai arrebekin ere euskaraz eta gazteleraz jarduten genuen, baina gehienetan gaztelera hutsean hitz egiten pasatzen genuen eguna. 15-16 urte nituenean konturatu nintzen euskaldundu beharra nuela eta orduan hasi nintzen ikasten".

Belarriprest modura arituko da Oliva Caballero. La Salle Berrozpe ikastetxeko jangelak egiten du lan. Sortzez Caceresekoa da, eta txikia zela Andoainera etorri zen bizitzera. Euskara galdu ezin den ondarea dela dio: "Txikitan euskal dantza taldean egon nintzen eta bertako kulturarekin maitemindu nintzen. Euskara hizkuntza oso polita dela iruditzen zait. Desberdina eta polita da, ezin dugu galdu".

 

** Edukia eta argazkiak Aiurri.com-etik hartua. Eduki osoa bertan dago irakurgai.

 

Erantzun albiste honi

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

© 2013 Buruntzaldeko Euskara zerbitzuak
Harremanetarako | Irisgarritasuna | Lege oharra
CSS | XHTML | WAI-A | iametza interaktiboa

Andoain Astigarraga Hernani Lasarte-Oria Urnieta Usurbil