“Euskara txertatu egin behar da enpresen jardunean”

Hitzarmena sinatua dute Buruntzaldeako sei Udalek Gipuzkoa Donostia Kutxarekin, bien arteko hartu-emana nagusiki euskaraz izan dadin eta entitate honek herri hauetan dituen bulegoetan langile eta bezeroek euskara erabili dezaten. Bi helburu nagusiak horiek dira, batetik elkarren arteko harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, euskaraz izango direla, ahal den guztietan, eta horretarako beharrezko diren baliabideak jarriko dituztela. Beste helburua Kutxak bere bulegoetan bezeroekin dituen harremanetan euskara ugaltzea da. Honetarako, kutxak konpromiso eta neurri zehatz batzuk hartu ditu eta ahalegin berezia egiten ari da. Mikel Irizar arduratzen da Gipuzkoa Donostia Kutxaren baitan hizkuntzaren inguruko politikaz. Berak azaldu digu zein egoeratan den hitzarmena eta ondorengo urteetan nondik nora joko duen.

 

 

Astigarraga, Hernani, Urnieta, Andoain, Lasarte- Oria eta Usurbilgo Udalek Kutxarekin euskararen erabilera zabaltzeko hitzarmena sinatu eta 15 hilabetera "bide onean" da, lan asko oso aurreratuak daude, Mikel Irizar Kutxako hizkuntza politikaren arduradunaren ustez. "Neurketaren daturik ez dugu momentuz, nahi baino polikiago doa baina sendo doala esan dezakegu". Irizarren iritziz, kontua ez da hitzarmena sinatu eta argazki polit bat egitea, argazkiaren ondorengo lana da garrantzitsua. "Egoera batetik bestera joan nahi baldin badugu, jendea motibatzeko, egokitzeko, lan taldeak birmoldatzeko erabakiak hartu behar dira argazkian gero eta guapoagoa ateratzeko".

 

Bi plano dauzka hitzarmenak, batetik bulegoetan ematen den zerbitzuan euskararen erabilera zabaltzea, eta bestea Kutxa eta Udalen arteko harremanetan. Mikelek batez ere bigarren alde honetan egindako aurrerapena nabarmendu du. "Buruntzaldeko Udalek egindako lana estimagarria izan da. Lan jardunak banan-banan aztertu ditugu, zer motatakoak diren, alde batean eta bestean zein hizkuntz gaitasun dauden eta harremanak zein hizkuntzatan egiten diren jakiteko. Lan bide-egilea, pioneroa, izan da. Egindako azterketa sakon horrek lana erraztuko du hau beste Udaletara zabaltzean. Erradiografia zabal bat eman digu. Hiru mailatan sailkatu ditugu harremanak hizkuntzaren arabera, batzuk normalizatuak, beste batzuek erraz normalizatzeko modukoak, eta hirugarrenak oraingoz normalizatu ezinak, kasu batzuetan pertsona batek ezin duelako edota programaren bat itzuli gabe dagoelako… Jardunen erdia edo gehiago hizkuntza aldetik normalizatuta dago, eta beste laurden bat edo erraz xamar normalizatzeko moduan, zenbait kasuetan bi aldeek dakite euskaraz baina ez dakite edo ez dute egiten. Helburua da hitzarmenaren izpirituari jarraituz, neurketari esker identifikatu non egon daitezken hobekuntza zehatzak, zenbait ekintza burutu eta berriz ere bi edo hiru urtera begiratu. Ehuneko 70 inguruko normalizazio portzentajeak lortzen baldin baditugu bide onetik doa"

 

Bi plano argi daude hitzarmenean, Udalekin eta bezeroekin duzuen harremana. Zein da errazagoa euskalduntzeko?

Bi aldetan epe laburrean konpromisoak maila oso altuan betetzeko moduan egon gaitezkeela uste dut. Konpromiso honetan sartu ginenean konturatu ginen Kutxan betetze posibletik nahiko hurbil ginela. Oraindik Gipuzkoako bulegoren batean egon daiteke norbait euskara ez dakiena, baina jada hondar batzuk dira eta epe labur batean, kariño guztiarekin esanda, desagertzear den espeziea da. Bezeroari kalitatea eman behar bazaio bere hizkuntzan ematea izango da onena. Kutxan arlo honetan gauza asko egin dira baina oso esanguratsua da, lehenengo aldiz zuzendaritza batzordean onartutako hizkuntza plan bat daukagula eta honek baditu urrats batzuk. Bikain plan estrategikoan sartu gara, 2008tik zilar mailan gaude eta helburua jarri dugu 2011rako ia urrera iristen garen.


Buruntzaldean konkretuki, langileak lehen hitza emateko moduan al daude?

Bai, gehienetan bai, oraindik landa lanaren datu zehatzak ez ditugu jaso, laster izango ditugu, baina Buruntzaldean maila ona daukagula esan dezaket. Elementu erantsi bat daukagu, Kutxaren estrategiaren baitan da pertsonala gaztetzea. Horrek azkartu egingo du lana, ordezkatzea behar denean, hizkuntza eskakizunak jartzean… bereziki hitzarmena sinatuta daukaten tokietan. Kontuan izan 600 langile berri ditugula Gipuzkoan azken bospasei urtetan, gehienak bulegoetara joan direla eta denak dutela hizkuntz eskakizuna. Gaur egun esan daiteke minimo batzuek betetzeko gai ez direnak salbuespenak direla. Helburua da hobekuntza prozesua minimoetatik hasi eta hizkuntz eskakizunak igotzen joatea.


Helburu horretan zein da zailtasun handiena?

Zailtasun handiena jendearen ohitura aldatzea da. Langile gazte elebidun asko sartu zaigun boladan, ikasketak euskaraz egin dituztenen artean badago portzentai handi bat, euskaraz erreaktibo xamarra dena, hau da, behar duenean egiten duena baina berez lanetik aparte gaztelaniaz aritzeko joera duena. Ez dira hizkuntza aldetik pertsona orekatuak. Hor lan handia egin dezakegu: pertsona horiek lan hizkuntza neurri handi batean euskara izatea lortzean, automatikoki bere pertzepzioan, bere jardunean eta bere oreka mentalean eragina dauka. Zailtasun handiena hori da, baina ohitura aldaketan eragiten joango gara. Baliabide teknikoei dagokionez konektatu eta euskaraz jarduteko aukera erraztu egin dugu. Horrek ere eragina izango du. Beraz aurrean daukagun lana dinamizazio eta motibazio lana da.

 

Behin toki batzutan martxan jarrita asko erraztuko da beste eskualde batzuetara zabaltzea bera, ezta?

Buruntzaldea esperimentala izan da. Hasieratik Iñaki Arrutirekin (Lasarte-Oriako euskara teknikaria) eta Joxan Amondarain Foru Aldundikoarekin lan egin dugu. Buruntzaldean gainera euskara teknikariak oso lotuta daude euren artean eta asko erraztu digute lana. Deba Goienan ere antzeko egoera zegoen. Eudel bitartez hitzarmenaren zabalkundea egin genuenean interesa jaso genuen beste udal batzuetatik. Espero dut 2009an beste bizpahiru eskualdetan hitzarmena sinatzea eta 2009-2010 artean, Udalekin ditugun harremanen eta bulegoetako erabileraren neurketa guztiak izatea.

 

Zer garrantzia ematen diozu hitzarmenari? Zer nabarmenduko zenuke?

Nik uste garrantzi handia duela. Zerbitzu erakunde eta enpresatan bezeroa da estrategia guztien eragilea eta hitzarmen honek eragina dauka bezero indibidualean baina baita bezero kolektiboan. Kutxak urrats hau emanez gero, herritar euskaltzaleek zera jasotzen dute, Kutxa ari dela zerbait egiten ni asebetetzeko, nik nahi dudan zerbitzua nik nahi dudan hizkuntzan izateko.

 

Bezeroen ahotsa jasotzeko inkesta bat egiten du Kutxak; urtero 800 bat pertsonari galdeketa egiten zaie; 2007an lehen aldiz sartu genuen hizkuntza gaia galderatan eta oso datu interesgarriak atera dira. Laurden batek esaten du prest dagoela hipoteka euskaraz egiteko zertxobait gehiago ordaindu behar badu ere. Dinamika hau mantentzea eta bultzatzea oso garrantzitsua da.

 

Bezero kolektiboari dagokionez, gizarteak, honen ordezkariek eta administrazioak Kutxarengandik balio batzuk espero dituzte, etikoak, ingumenekoak eta balio linguistiko batzuk ere bai, hau da, gai izan behar du Kutxak dauzkaten espektatiba eta itxaropen horiekin sintonizatzeko eta ahal bada horiek gainditzeko. Hemen bete betean sartuko litzateke hitzarmena.

 

Prest al da Kutxa erronkari aurre egiteko?

Bai, momentu honetan Kutxaren helburua da hizkuntzaren normalizazioan ahalik eta txanpa fuerteena egiteko. Gipuzkoan belaunaldi berriak datozen heinean motibazioaz gain hitz-egiteko gaitasuna duten elebidunen kopurua gora doa. Pentsatzen dut, erabiltzaile elebidun potentzial horietatik portzentaje bat aktibatu egingo dela, eta ez huskeri bat. Guk inork baino obligazio handiagoa dugu Gipuzkoan txertatuak egoteko, erantzun egin behar dugula sentitzen dugu eta ez bakarrik norbaitek atentzioa deituko digulako.


Barruko egoera aztertuta al daukazue? Hutsunerik aurkitu al duzue?

Orain prozesu horretan gaude. Bikain ziurtagiriak skaner nahiko konpletoa dauka. Erradiografia horrek argi utzi du gauza askotan oso aurrera gaudela, eta gero beste batzuetan hutsuneak ditugula. Horiek bataz besteko batera igotzearekin bakarrik sekulako aurrerakada daukagu. Oso tresna erabilgarria da eta Bikain ardatz bezala hartuta hiru urterako planteatu dugu 2009 eta 2010 urtetako hizkuntza planaren ildoak moldatu 2011n urrezko ziurtagiria lortzeko, hau da, alorrez alor ikusi, eta hutsuneak dauden tokietan neurriak adostu alor horietako arduradunekin, beraiek inplikatuz. Kontestu horrek aukera ematen digu helburuak jarri eta helburu horiek betetzen joateko. Ez gara perfekziora iritsiko agian, baina armazoi sendoa ari gara muntatzen.

 

Bikain ziurtagiria posible ikusten duzu?

Ebaluazioan sartu ginen finantza erakunde bakarra izan gara, seguru asko maila txukuna emateko moduan garen bakarrak garelako. Etxeko lanak dezente aurreratuak ditugu.

 

Hizkuntz politikaren ildo nagusiak zeintzuk dira?

Planteamendu nagusia da hizkuntza kudeatu behar dela beste aldagaiak bezala. Seguru asko hizkuntza aldetik historikoki egon den arazo bat izan da hizkuntzari egin zaiola toki eta tratamendu berezi bat. Ez da enpresa euskarara etorriko, euskara txertatu egin behar da enpresaren jardunean. Gure hizkuntza politika horretan oinarritzen da, enpresak zer parametroren baitan funtzionatzen duen eta bere lan ildoak zein helbururen arabera definitzen dituen antzeman eta gu horretara hurbiltzen gara.

 

Oraingoz, enpresa munduan, hizkuntzen kudeaketa aurreratuena hizkuntz gutxituen normalizazio prozesuekin lotuta dago, baina munduan enpresak gero eta globalagoak diren heinean, inpresioa daukat, hizkuntzen kudeaketa hori enpresen eginkizun inportante bihurtuko dela. Txina edo Alemaniara erostera joanez gero, ingelesez erosi daiteke, baina saltzera doanak hobe du txinera edo alemana jakitea.

 

Gu garatzen ari garen estrategia eta biltzen ari garen jakinduria hori akaso esportagarria izango da. Oso aurrerakoiak izan daitezkeen prozesuak ari gara bideratzen.•

 

* Iturria: Txintxarri aldizkaria, 754. zk.