Euskeraz hitz egiterakoan lotsa galdu eta segurtasuna irabazteko, Gure Artean Euskaraz

Zazpi urte daramazki Gure Artean Euskaraz egitasmoak martxan, eta urte guzti hauetan 240 lagun inguru izan dira debalde eta erosotasun guztiarekin euskera praktikatu dutenak. Orain, 2010-2011 ikasturterako taldeak osatzen ari dira, eta egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek eta inguruko guztiek dute izena emateko aukera, Dobera Euskara Elkartean. Izena emateko, elkarteko bulegotik pasa behar da (Larramendi 11, behea), edo 943 332 799 telefonora deitu.

 

«Euskeraz hitz egiteko edo laguntza emateko egitasmoa da»

Gure Artean Euskarazen parte hartzen dutenak talde txikitan biltzen dira, 2 eta 5 pertsona bitartekoak. Horie­tako bat laguntzailea izaten da, hau da, euskeraz hitz egiteko ohitura duen euskalduna. Gainerako taldekideek euskera praktikatzea bilatzen dute, segurtasuna irabazteko eta lotsa galtzeko, Nagore Zubiturrek Dobera Euskara Elkartetik adierazi duenez: «egitasmora apuntatzeko arrazoi nagusia izaten da, jende asko dagoela euskeraz hitz egiteko gogoz, baina ez daukatela inor hitz egiteko. Normalean euskera maila hobetzea bilatzen dute, eta baita euskeraz egiten duten lagun berriak egitea ere».

 

Astean behin elkartzen dira, beraien artean adostutako egunetan

Gure Artean Euskaraz egitasmoan parte hartzen duten pertsonek euren artean erabakitzen dute, noiz eta non bildu euskera praktikatzeko. Izena emateko momentuan, astean ondoen datorkien eguna eta ordua besterik ez dute adierazi behar: «inguruko herrietako pertsonek ere hartzen dute parte egitasmoan, Donostia, Astiga­rraga eta Urnietakoek esaterako. Azken hauek, gainera, badute taldea Urnietan bertan, beraien artean hala erabakita. Eta lekua eta orduaz gain, zein motatako taldeetan kokatzea gustatuko litzaiekeen ere adierazi dezakete, bakoitzaren behar edo helburuen arabera».

 

"Gure artean hika"

GURE Artean Euskaraz egitasmoaren barruan, Dobera Euskara Elkarteak beste egitasmo bat jarri du martxan aurten: Gure Artean Hika.

 

Egitasmoaren helburua da hikaz hitz egiten ikasi nahi duten, eta hika praktikatu nahi duten pertsonak elkartzea. Metodologia Gure Artean Euskaraz egitasmoko bera da. Taldeak osatuko dira, 2 eta 5 pertsona bitartekoak, eta hika hitz egin eta menderatzen duen per­tsona bat egongo litzateke bertan.

 

Gure Artean Hika egitasmo berrian izena eman na­hi duten herritar edo in­gu­rukoek, bide bera jarraitu be­har dute. Dobera Euskara El­karteko (Larramendi 11, be­hea) bulegotik pasa, edo 943 332 799 telefonora deitu.

 

Ikusi diptikoa (121 Kb, pdf)

* Iturria: Hernaniko Kronika