14 enpresek baiezkoa eman diote Baietz Gurean! proiektuari

“Lehenengo deia egin bezain laster batek baino gehiagok esan digu horrelako zerbaiten zain zegoela. Beste batzuk izan dira eskaintza errezeloz hartu eta denbora falta eta garaiak ez daudela dirua gastatzeko argudiatu digutenak. Baina, proiektua ondo azaldu ostean, ordea, baiezkoa eman diote” Ahize-AEK-ko hizkuntza aholkulariek adierazi dutenez.

 

Prozesua abiatzeko, 36 enpresa lehenetsi dira, Buruntzaldea osatzen duten 6 herrietatik 6na, eta guztiekin jarri dira jada harremanetan proiektua kudeatzeaz arduratzen diren aholkulariak. Horietatik 12k baiezkoa eman dute dagoeneko, eta beste 22k prozesua irekita dute oraindik. Izan ere, 9 enpresek udazkenean edo 2012an berriro deitzeko eskatu dute eta oraindik erantzun ez duten 13 enpresa daude. Beste enpresa batek interesa agertu zuen baina itxi egin dute. Eta ezezko bakarra jaso da, baina oraindik ere enpresa horrekin lan egiteko aukera ikusten dute aholkulariek.

 

Horietaz gain, euskara plana martxan duten beste 9 enpresari ere egin zaie eskaintza, eta baietz erantzun dute 2k, eta 2012an sartuko direla proiektuan. Beraz, guztira 45 enpresei egin zaie Baietz Gurean! proiektuaren eskaintza momentuz, eta hurrengo urtean ere eskaintza bera egingo zaie eskualdeko enpresa gehiagori.

 

Gogoratu Baietz Gurean! proiektuaren helburu nagusia, Buruntzaldeko enpresak euskararen erabilera normalizatzeko bidera erakartzea dela, eta horretarako aholkularitza eskaini eta emango diren aurrerapausoak diruz laguntzea.

 

Baietz Gurean!ekin aurrera egitea erabakitzen duten enpresa horietara bisitak egiten dituzte aholkulariek eta bertan enpresaren egoera linguistikoaren argazkia atera. Horretarako HPSk Lanhitz programaren barruan definituta duen Erreferentzia Marko Estandarra (EME) erabiltzen da. Bakoitzak puntuazio bat eskuratzen du eta horren berri ematen zaio enpresari. Honekin batera aurrerapausoak emateko hobekuntza proposamenak ere aurkezten zaizkie. Norbere herriko Udalarekin hitzarmen akordioa sinatzea da hurrengo pausoa, eta, hortik aurrera, urtebeteko epea izango dute enpresek proposatutako hobekuntza horiek egikaritzeko. Epe hori pasa aurretik hizkuntza aholkularien bisita jasoko dute berriro ere, argazki linguistikoa berritzeko, eta puntuetan gora egin duten ikusteko. Hala bada Udalek diruz lagunduko dituzte aurrerapausook.

 

Buruntzaldeko herrietako 10 langiletik gorako enpresei zuzendutako egitasmoa da Baietz Gurean! eta 2011n momentuz eman diren emaitzak ikusita proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki dute Buruntzaldeko Udalek. Udazkenerako geratu diren bisitez gain, enpresa gehiagotara ate joka joatea ere izango da 2012rako erronketako bat. Eta momentuz 12 izan badira, urte amaierarako zergatik kopurua ez bikoiztu? 24 BAIETZ GUREAN!