Adinekoen senideentzat eta zaintzaileentzat euskara saioak

Urnietako (Gipuzkoa) Banaiz Bagara Elkarteak euskara ikastaro berritzaileak antolatu ditu. Familia euskaldunetan adinekoak zaintzen ari diren langileentzat, eta baita etxekoentzat beraientzat ere, ikastaroak antolatu ditu. Azken urteotan atzerritik etorritakoak ari dira gero eta gehiago adinekoak zaintzen eta jatorrizko hizkuntza euskara duten aiton-amona asko gaztelaniaz komunikatzen dira gaur egun haiekin. Errealitate berri horri heldu nahiz, langileentzat euskara ikastaroa izango da urritik urtarrilera bitartean.

 

Etxeko langileek lanarekin lotutako esamoldeak, komunikaziorako egiturak eta hitzak ikasiko dituzte. Hizkuntza berrira hurbiltzeko teknikak ere irakatsiko dizkiete. Era berean, adinekoaren etxeko kideek ikastaroa egin ahal izango dute, euskara menperatzen ez duten langileei ikasketa prozesuan nola lagundu ikasteko. Lehenengo aldia da euskara irakasteko proiektu berean langileak eta enplegatzaileak lotzen direla. Banaiz Bagara Elkartearen nahia proiektua nekazaritzara eta ostalaritzara zabaltzea da.

 

Ikastaroa Donostian Caritasek daukan Ategorrietako Laguntza Etxean eskainiko da. Egitasmoa ondokoek elkarlanean prestatu dute: Banaiz Bagara, Emun Koop., Caritas, Esperanza Latina, eta Donostia, Buruntzaldea eta Villabonako Udalak.

 

* Iturria: Argia.com