Hernaniko bertso-eskolako lau kide izango dira Gpuntuko finalean

Hernani

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da igandean, abenduak 18, 16:30etik aurrera, Illunben (Donostia). Zortzi bertsolari iritsi dira finalera: Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Agin Rezola, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi, Iñaki Apalategi, Alaia Martin eta Jon Martin. Final handian parte hartuko duten bertsolarietatik lau Hernaniko bertso-eskolan aritutakoak dira.

 

Igandeko saioan 9.600 lagunetik gora espero dira eta, antolatzaileek adierazi dutenez, dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude. Finala 16:30ean hasiko den arren, 15:00etan irekiko dituzte ateak. Saioa hasi bitartean DVD bat egongo da ikusgai eta Elkano Browning Cream taldeak eta Gari abeslariak kontzertutxo bat eskainiko dute. Txapeldun berriaren izena 20:45 inguruan jakingo da eta Laxaro Azkunek jantziko dio txapela.