Abaraska ari da bidea finkatzen

Ttakunek 2010ean hasi zuen hausnarketa eta prozesuaren ondorioz zabaldu den bidearen berri eman zuten larunbatean kultur-etxean.

Abaraska da hausnarketaren emaitza garbiena: Lasarte-Orian euskaraz lan egiten duten elkarteek osatua, herria euskalduntzeko gogoari helduz, hainbat ekimen antolatzeko eta elkarrekin lan egiteko asmoa adierazi du. Abaraska sarea sortzen ari da, etorkizuneko bidea finkatzen, hizkuntza komunitatea sendotzeko helburuarekin. Gero Abaraska sarea bihurtu den hausnarketa prozesua esan bezala, 2010ean hasi zen eta larunbat honetan parentesia itxi du hausnarketaren beraren eta bere ondorioen berri emanaz.

Ia bi urteko prozesua izan da, Ttakunen hausnarketa taldea sortu zenetik: Gerora hartuko den bidearen oinarriak finkatzeko asmoarekin, Ttakunen inguruko hainbat herritarren ekarpenak jaso dira, hurrengo urteetako ildoak definitu ahal izateko. Hainbat iritzi ezberdin bildu dira beraz, denetarikoak, besteak beste, euskalgintzan dihardutenenak, ikastetxeetako ordezkarienak, herriko soziologoenak edota elkarteko langileenak, guztira, hogei bat pertsonaren ekarpenak, Ttakunek orain arteko egindako bidearen eta gerora begira kontutan hartu beharrekoen inguruan.

Guzti honen berri eman zen larunbateko aurkezpenean, hausnarketa prozesuan jasotako hainbat ekarpen ezagutu eta aztertu ziren, jorratu beharreko arloei buruzko gogoeta ugari. Oro har, Ttakun behar beharrezkotzat jotzen da, eta erreferentea da ez bakarrik herri mailan, baita kanpoan ere.

Abaraskaren bultzatzaileen ustez, lortu nahi den geroa ez da besterik gabe heltzen, "eguneroko jardunaz eraiki behar da". Argi dute prozesuan parte hartu dutenek euskaldunen komunitatea -"tribua" deitzen dutena- sendotzea dela helburua, erakargarria bihurtu, lehenetsi, zabaldu… eta horretarako hainbat arlotan lan egin behar dela: besteak beste langileak prozesuan murgildu daitezen trebatu, goxatu eta motibatuz, transmisioa landuz ikastetxeekin eta gaztetxoekin lan eginez, sarean eta elkarlanean oinarrituz edota teknologia berriez baliatuz…

* Iturria: Txintxarri