“Zuk esan!” bloga abian jarri du Udalak, herritarrari hitza emateko

Dagoeneko urte batzuk pasa dira buruntzaldea.eus web orria martxan jarri zenetik. Bertan, Buruntzaldeko herritarrentzat erabilgarria den euskara zein kirol arloko informazioa aurkitzen da. Udal administrazioek sortutako tresna izanik, egokia iruditu zaie euskara zerbitzuei hori erabiltzea herritarrek udalarekin dituzten harremanetan, euskararen erabileraren inguruan dituzten proposamenak, kezkak, arazoak eta abar ezagutzeko.

Hori lortze aldera, blog bat gehitu diote web orriari, Zuk esan! izenekoa. Blog horren bidez, udalean izan dituzten esperientzien berri emateko aukera izango dute, haien bizipenak kontatzeko, proposamenak egiteko, kexak adierazteko… Betiere, kontuan hartuz hizkuntzaren ingurukoak izan beharko dutela. Adibide hauek jartzen dituzte: «udal zerbitzuren batera joan zaren batean sentitu al duzu zure hizkuntza eskubideak urratuak izan direla? Udal langileari euskaraz zuzendu eta berak gaztelaniaz erantzun al dizu? Gertatu al zaizu euskaraz jaso duzun informazioa ulergarria ez izatea?»

Norberaren esperientziaren kontakizuna errazteko, egoera batzuk zintzilikatu dituzte, udaleko jendaurreko langileen urteetako esperientzian oinarrituak. Adibidez, jendaurreko langileei galdetu zaienean herritarrak hizkuntza eskubideekin exijenteak ote diren, zera erantzun dute: «Gaztelera nahi duenak, berehala adierazten du zein hizkuntzatan nahi duen». Eta blogaren bidez, herritarrari honako galdera egiten diote: «Zuk, euskaraz nahi duzunean, adierazten al duzu? Nola? Izan al duzu inoiz eragozpenik? Esan, esan»

Udaleko arduradunen ustez, izango dute herritarrek zer kontatua, eta argi dute hizkuntzazko esperientziaren berri jakiteak izugarri lagunduko diela euskararen erabileran hobetzeko izan ditzaketen alderdiak ezagutzen. Gainera, beste aukera bat ere emango die blogak: euskarazko udal zerbitzuak ezagutzera ematea herritarrei, eta erabil ditzaten animatzea.

Ikusi bloga

* Iturria: Diario Vasco

This site is registered on wpml.org as a development site.