Kantuak eta dantza tradizionalak, euskera ikasi eta euskal kultura barneratzeko

BANAIZ Bagara Elkartea ahalegin haundia egiten ari da azken urteetan atzerritarrei euskera modu erraz eta erakargarrian irakasteko. Kla­se teoriko-praktikoak ematen dituzte astero, eta bestelako joku, kantu, dan­tza, kirol eta hainbat ekintza antola­tzen di­tuzte, atzerritarrei euskal gi­zar­tean txerta­tzen lagun­tzeko. Geroz eta gehiago dira programa honetan parte har­tzen d­uten per­tsonak, tartean, Hernanin bizi direnak.

Hernaniren txanda

Gipuzkoako 7 herritan dago martxan proiektua: Andoain, Astigarraga, Az­koitia, Lasarte, Tolosa, Vi­llabona eta Hernani. Ekitaldi nagusiak, guztiek parte har­tzen dutenak, herriz herri antolatzen dituzte, eta kasu honetan, Hernaniri egokitu zaio konpromiso hori hartzea. Datorren asteko larunbatean izango da egun haundia, Euskararen To­paketa Mun­diala, eta goiz osoan izango dira ekitaldiak.

Kantuak, dantza, kirola… eta baita sorpresak ere

Topaketa Milagrosan izago da, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara. Helduei dago zuzendua, eta kultura ezberdinetako lagunek hartuko dute parte dantza eta kantu saioetan. Topaketaren helburuetako bat da, euskal kantu eta dantzak ikastea, eta praktikatzeko aukera izatea. Topaketako musika gehiena, partehartzaileak beraiek jarriko dute, hortaz, jatorri askotako musikariak entzuteko aukera izango da. Euskal Kantu eta dantzak erakusteko berriz, irakasleak egongo dira. Topaketa irekia da, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Eta sopresaren bat izango dela ere, aurreratu dute. Bukatzean, 13:30etan, luntxa izango da Txema tabernan (Izpizua kalea).

Matias Barbe eta Eva Bravo-Euskera ikasleak: «Euskera jakitea garrantzitsua da integratu eta bertakoa sentitzen hasteko»

Hernanin bi talde elkartzen dira larunbatero, euskera ikastera; bat goizez Biterin, eta bestea arratsaldez Txema tabernan. Ma­tias Barbe eta Eva Bravo euskera ikasleak dira goizeko taldean, ikasturte hasieratik.

ARGENTINARRAK biak, Matias Barbe eta Eva Bravo Hernanin bizi dira. Matias irailean iritsi zen Hernanira Madriletik. Eva Bravok be­rriz, 5 urte daramazki Her­­na­nin. Biak Banaiz Ba­ga­rako eu­skera taldean ezagutu zi­ren, ikas­turte hasieran. Egu­nero­ko­tasunean beharrezkoak diren espresio, esaldi, galde­ra eta hitzak ikasten dituzte bertan, praktikotasuna bilatuz.

Matias Barbe:
«Hernanin bizi banaiz, bertako kultura ezagutu beharra daukat»

Madriletik etorri zen Herna­nira irailean Mastias Barbe. Neskalaguna bertakoa du, eta beraz, ezagutzen zuen euskal kultura aurretik. Ma­drilen bizi zirenean entzuten zuen musika euskeraz, eta hitz batzuk ere, ikasi zituen. Hernanira bizitzera etorri zirenean, argi zuen bertako kultura barru-barrutik ezagutu eta ikasi nahi zuela.

Hala, euskaltegietara jo zuen lehendabizi… baina az­kenik, euskera Banaiz Ba­gara ekimenarekin ikastea erabaki zuen. Ikasturte ha­sie­ratik, larunbatero elkar­tzen da Biterin beste etorkinekin batera: «herri bat be­netan ezagu­tzeko ezinbestekoa da bertako pertsonak, kultura, hizkun­tza eta abar ezagutu eta ikastea. Hernanin bizi ba­naiz eta integratu nahi ba­dut, guztia ezagutzen saiatu behar naiz».

Euskeraz ikasitakoa praktikan jartzea ere gogoko du Barbek: «ikasitakoa ez bada praktikan jartzen, ez du askorako balio. Neskalagu­narekin askotan egiten dut euskeraz; edo saiatzen naiz behintzat. Eta taberna, denda edo beste edozein lekutan ere, euskeraz eska­tzen dut… askotan zuzen­tzen didate, baina ikasteko biderik onena dela uste dut».

Eva Bravo:
«Amak ere ikasi nahi zuen euskeraz, eta elkarrekin joaten gara»

Eva Bravok bost urte daramazki Hernanin, eta eskolan hasi zen euskera ikasten. Orain, ba­txilergoa ari da bu­katzen, eta ikasitakoa mantendu, praktikatu eta hobetze aldera, Banaiz Bagara taldean hasi da. Ez bakarrik. Ama­rekin joaten da larunbatero, honek ere, ikasi nahi baitu eus­keraz.

Barberen iritzi berekoa da Bravo; argi du herri batean integratzeko bertako kultura ezagutu eta ikasi behar dela. Anai txikiak ere baditu, eta ondo datozkio praktikatzeko: «ikastolara joaten dira, eta beste edozein hernaniarrek bezala hitz egiten dute euskeraz. Hala, etxean edozein ordutan praktikatzen dut euskera, eta aukera hori izatea garrantzi­tsua da niretzat».

* Iturria: Hernaniko Kronika

This site is registered on wpml.org as a development site.