Estitxu Eizagirre: “Kazetaritza egiteko modu berriak sortzen ari dira eta Argiak hor egon nahi du”

Hernani

Argiako zuzendari berria izango zarela jakin genuen ekainean. Irailean zara kargu berria hartzekoa, nola doaz hilabete hauek?
Publiko ekainean egin zen, baina barruan aurretik landutako eta erabakitako kontua da, beraz, pixkanaka ari gara. Eta burua ere jarria neukan oporretatik bueltan zeregin berrian ariko nintzela. Dena dela, egia da, zuzendari izate hori oraindik ez dakidala zer den eta hobe horrela. Etortzen denari erantzungo diogu!

Xabier Letonak zuzendari kargua 12 urteren ostean utzi du proiektua eta taldea sendo dagoela, hori lagungarria izango da.
Xabierrek erreleboa ahal zuen ondoena eman du eta hori es­ker­tzen dut. Gainera, Argia­ko zu­zendari izandako hiruk ja­rrai­tuko dute lan taldean: Xa­bier Letona, Pello Zubiria eta Gar­biñe Ubedak, eta babes eta laguntza haundia izango dut. Horrez gain, oso talde sendoa dugu orain. Taldea osa­tzen dugunok urte asko daramazkigu elkarrekin. Jendea gustora dago hemen eta bertan dago hau delako nahi duena. Argiak ez du diru aldetik asko eskaintzeko, alde horretatik ez da konpetitiboa, eta jendeak hemen jarraitzen du lan leku bat delako pertsona bezala garatzeko aukera ematen duena eta askatasuna ematen diona langileari.

Eta hernaniar pila zabiltzate Argian, etxean bezala sentituko zara!
Bai. Gainera, Urko Apaolaza 2 urtetatik ezagutzen dut, eskolan elkarrekin ibiltzen ginen eta zeinek esango zuen lanean, egunerokoan, elkarrekin bukatuko genuela! Gorka Bereziar­tua, berriz, Argian ezagutu dut, urte diferentzia dela eta. Baina denok oso ondo eramaten gara eta askotan aritzen gara Hernaniko kontuei bu­ruz, eta neretzat arra asetzeko beste bide bat ere bada, orain Larraulen bizi naizela eta. Bego Zuza, Mari Jose Aierza eta Aloña Soraluze ere ari dira Argian, Pello Zubiriaz gain.

Zeintzuk dira Argiaren erronkak?
Erronka nagusia, komunikabide guztietan bezala, irautea izango da. Eta horretarako dauzkagun tresnak nola joan garatzen ikusi behar dugu: internet, teknologia berriak, papera… Argia paperean argitaratzen zen astekari bat zen lehen, baina orain proiektu komunikatibo bat gara.

Esan liteke, interneta egunerokoa lantzeko dela eta papera eduki landuetarako?
Egunkaria sortu zenean, Argi­an ikusi zen gaurkotasunari bigarren irakurketa bat ematea zela bere funtzioa, patxadaz irakurtzeko eduki lan­dua­goak egitea. Interneten be­rriz, saia­tzen gara eguneroko gauzak lantzen, baina aukeraketa bat eginda. Irakurleari beste zerbait eman behar zaio. Esatera­ko, iritzi desberdinak biltzen ditugu, komunikabide nagusietan lekurik ez dutenak. Al­bis­te batzuk ere ez dute jarraipenik izaten eta horri erantzuten saiatzen gara. Herri harresiarena izan zen adibide bat. Eta bertan, teknologia berrien erabilera oso baliagarria izan zen. Kazetaritza egiteko modu berriak sortzen ari dira eta Argiak hor egon nahi du.

Argia Hekimenen barruan dago. Zergatik ikusi da halako proiektuaren parte izateko beharra?
Bakoitzak bere proiektua du, baina aldi berean, denok ari gara proiektu berean lanean, euskal komunikabidean. Ara­zo berak dauzkagu. Eta denok bat eginda, instituzio edo gizartearen aurrean sendoagoak gara, interlokuzio lanerako eta baita gure funtzioa agerian uzteko ere. Guztiek onartzen dute euskal komunikabideen garrantzia, baina praktikan ez da hala jokatzen, ez da batere inbertitzen.

Nola ikusten dituzu euskal komunikabideak?
Aberastasuna, kalitatea eta aniz­tasuna dago. Esaterako, hernaniar batek aukera mordoa dauka euskaraz. Eta erdaraz bakarrik irakurtzen duenak, gauza asko galtzen ditu. Adi­bi­dez, genero ikuspegitik euskarazko mediook parekidetasuna gehiago lantzen dugu eta iritzi aniztasuna ere bai. Inde­pen­dentzia ekonomikoa ere gehia­go dugu. Eta hori argi ikus­ten da, erraustegiaren gaiarekin. Zentzu horretan, nere ustez, Kronika erreferentzia da. Lortu du erdaldunek ere irakurtzea edo interesa jartzea.

Bertsolaria ere bazara, nahiz eta azken urteetan oholtza gainean ez ikusi. Hala ere, Larraulen astero elkartzen omen zarete…
Bertsoa ez dut inoiz utzi. Etxean asko kantatzen dugu eta Larraulgo soziedadean ere elkartzen gara bai, astero: Ixiar ahizpa, Maddi Etxebe­rria larrauldarra, Haritz Muji­ka asteasuarra eta laurok. Hori bai, umeek uzten digutena egiten dugu. Baina polita da, be­raiek ere saltsan ibiltzen dira.

Hernaniko bertsolaritza ere ez duzu utzi guztiz. Liburu bat tartean da…
Bai eta bukatzear naiz. Orain dela 6 urte hasi nintzen eta luze joan da, baina pozik nago emaitzarekin. Hernanin ber­tsotan aritu diren guztiak bildu ditugu liburuan. Denak ezinezkoa da, baina dakizkigunak behintzat bai. Txabola­tegitik hasi eta Eli Pagolaraino. Eta liburu honen ekarpen haundienetakoa da erakustea, emakumeak hasiera hasieratik aritu direla bertsotan, nahiz eta izenak galdu. Eta aurreratuz esango dut, garai bateko emakume baten da­tuak eta bertsoak biltzea lortu dugula. Liburua kalean izatea espero dut urte bukaerarako ez bada, udaberrirako.

* Ikusi jatorrizkoa Hernaniko Kronikan

This site is registered on wpml.org as a development site.