Inoizko parte hartze handiena 37. Euskal Zine Bileran

Iaz, euskal zinearen jaialdiak marka guztiak apurtu bazituen, aurtengo partehartzeak harritu egin ditu antolatzaileak. 59 film aurkeztu dira 37. Euskal Zine Bilerara. Horietatik 48 aukeratu ditu hautespen batzordeak: 30 lan amateur eta 18 lan profesional.

Filmak Euskal Herriko lurralde osotik heldu dira. Profesionalen sailean 18 film aurkeztu dira. Gipuzkoatik 9 lan, Bizkaitik 6, Lapurditik 2 eta Baxenabarretik 1. Amateur sailean aldiz 30 lan aukeratu dira. Bizkaitik 18, Gipuzkoatik 8, Arabatik 3 eta Nafarroatik 1.

Euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarraren 37. edizioa da aurtengoa. Euskal zineak badu jada hitzordua: azaroaren 23tik 29ra bitartean, euskaraz filmatu denaren errepasoa egiteko aukera ederra da Bilera.