Noticias

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. 60 lagunek eskuratu dute gidabaimena euskaraz 2022an Buruntzaldean

60 lagunek eskuratu dute gidabaimena euskaraz 2022an Buruntzaldean

Andoain
Astigarraga
Hernani
Lasarte-Oria
Urnieta
Usurbil

Ostiralean egin zuten zozketa 2022an zehar gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egin eta gainditu zutenen artean. Urtean zehar gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatu eta gainditzen duten Buruntzaldeko herritarrek zozketan parte hartu eta sarituak izateko aukera dute. Atal teorikoa prestatzeko egindako gastua berreskura dezakete hala, 400 € gehienera.

Egitasmoak Buruntzaldeko herritarrei gidabaimena euskaraz ateratzeko bultzada ematea du helburu; izan ere, gaur egun gazte gehienek D ereduan ikasiagatik, oraindik ere gehienek gaztelaniaren aldeko hautua egiten dute esparru honetan.

2022-23 ikasturtean, gainera, berri pozgarri bat izan dugu euskararen aldetik autoeskolen munduan: Errenteriako Don Bosco ikastetxeak Goi Mailako ziklo bat eskaini du D ereduan autoeskolako irakasleak prestatzeko: klase teorikoak eta praktikoak emateko aukera izango dute irakasle horiek. Buruntzaldeko udalek pozarren hartu dute albistea, uste baitute horri esker datorren urteetan zentro gehiagok eskaini ahal izango dutela zikloa, eta, honenbestez, gidabaimena euskaraz ateratzeko erraztasun handiagoak emango direla.

2022an zehar 60 herritarrek eskuratu dute gidabaimena euskaraz Buruntzaldeko herrietan. Egitasmoa 2010ean abian jarri zenetik 1.252 izan dira gidabaimena euskaraz atera dutenak.

Zazpi dira egitasmoan parte hartu duten autoeskolak; sarituak, berriz, 9. Herri bakoitzeko eta autoeskola bakoitzeko sari bana. Honela banatu dira sariak: Hernanin 3, Andoainen 2 , Lasarte-Orian 1, Astigarragan 1, Urnietan 1 eta Usurbilen 1. Honako hauek dira, berriz, parte hartu duten autoeskolak: Otamendi, Hernani, Lagunak, Bengoetxea, Mendi, Mugica eta Solozabal (Autoeskola batzuk herri batean baino gehiagotan5 daude).

Sariketan parte hartzeko hauexek dira baldintzak:

  • Buruntzaldeko herriren batean erroldatuta egotea.

  • Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz egin eta gainditu izana 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitartean Buruntzaldeko autoeskolaren batean.

Hauexek izan dira aurtengo sarituak:

Andoain: Mirene Iraola Trecu eta Jon Mugica Manso

Astigarraga: Danel Soraluce Arrizabalo

Hernani: Eider Goikoetxea Salazar, Garazi Sarriegi Apezetxea eta Manex Usarraga Vicent

Lasarte-Oria: Sara Etxeberria Zapirain

Urnieta: Ekain Etxeberria Zabala

Usurbil: Elorri Armendariz Tolosa

Egitasmoa indarrean dago 2023an zehar ere, eta maiatzean indartu egingo da: 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko zaie udaletatik gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanez eta hala egitera animatuz. Gazte askok uda partea aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko; beren ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira eta ezinbestekoa da helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri hori euskaraz eman ahal izatea. Hortik udalon inplikazioa eta autoeskolen ahalegina.