Aitatxo
Mallabiko familia bateko kideek Gari izeneko seme bat izaten saiatu ziren, inoiz jaio ez zena: amaren sabelean hil zen. Han, dolu eta onarpen prozesu bat hasi zen. Urte gutxira saiakera berri bat egin zuten eta orduan Ekai jaio zen, baina bihotzean arazo bat zuen. Ebakuntza egiten ari zirela, hil egin zen. Bigarren aldiz doluaren eta onarpenaren bide mingarria hastera behartuak ikusi ziren. Handik gutxira beste saiakera bat egin zuten: Inhar jaio zen, zorionez gaur egun gure artean jarraitzen duena.
Antzezlan honetan, aita bere semeetako batekin hizketan ikusten dugu, zoritxarrez, jada hemen ez dagoena. Kontatzen diren gertaera eta oroitzapen batzuk benetakoak dira: aitak egun bizirik dagoen semearengandik izandako esperientziak, baina hildako horietako batenak balira bezala kontatuak. Horrela, ez dagoen semea, aurrera egiteko itxaropena ematen dion ahots bihurtzen da.
Gidoia: Anakotz Lasarte Zuzendaria: Telmo Irureta Aktoreak: Alex Tello eta Unax Uralde Argazkiak: Nerea Uralde Eszenografia: Iñigo Madurga
Iraupena: 50 minutu Hizkuntza: euskara
