Andoaingo gazteek BeatEroak egitasmoan sortutako abesti irabazlearen bideoklip profesionala ekoitzi du Bira Produkzioakek, sari gisa
Andoaingo gazteek sortutako “Laguntasuna” rap abestiak badu bideoklipa. Bira Produkzioak ekoiztetxeak egin du ikus-entzunezkoa; Buruntzaldeko BeatEroak rap tailerren eta herri arteko lehiaketako lan irabazleari emandako sari gisa.
Maiatzaren 7an Astigarragako Erribera Kulturgunean egindako amaiera ekitaldian jakinarazi zuten Andoaingo taldearen kanta izan zela edizioko garailea. Orain, jaso dute benetako saria, bideoklipa ekoitzi dute. Emaitza hemen ikus daiteke: “Laguntasuna” bideoklipa.
Gazteen sormena eta euskara, erritmoaren bidez
BeatEroak egitasmoak 12 eta 16 urte bitarteko gazteak bildu ditu azken hilabeteetan, Buruntzaldeko herrietan egindako rap tailerren bidez. Odei Barroso eta Telmo Trenor artistek gidatutako saioetan, gazteek hitzak, errimak eta mezuak landu zituzten, bakoitzak bere estiloarekin sortzeko abestiak.
Herri bakoitzak bere rap kanta sortu zuen, eta herri arteko lehiaketako irabazlea entzuleen bozkaren bidez aukeratu zen. Andoaingo “Laguntasuna” izan zen garaile.
Proiektuaren amaierako ekitaldia maiatzaren 7an izan zen, Astigarragako Erribera Kulturgunean, eta Buruntzaldeko herrietako gazteek sortutako abestiak entzuteko aukera izan zen bertan. Go!azen telesaileko Yan Pinto eta Enara Dominguez aktoreek gidatu zuten saioa, eta bertaratutakoak errimak egitera ere animatu zituzten. Egunari amaitzeko, parte-hartzaile guztiek bluetooth bozgorailu bana jaso zuten opari.
Rapa eta euskara
Ekimenaren helburua rapa eta euskara eskualdeko gazteei gerturatzea izan da, musika eta sormena ardatz hartuta, ahozkotasuna eta gazteen parte-hartzea sustatzeko.
Orain, Andoaingo gazteen lana bideoklip bihurtuta dago, eta BeatEroak webgunean ere izango da ikusgai.

