Buruntzaldeko Udaletako Euskara Zerbitzuak abizenak euskarazko grafiara aldatzeko eman beharreko pausoak azaltzen dituen eskuorria banatzen ari dira gazteen artean. Adibidez, Echeverría “ch”-z idatzia duenak Etxeberria “tx”-rekin idazteko, zein agiri behar diren eta nora jo azaltzen da eskuorri horietan.
Abizenaren grafia zuzena zein den Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta liteke: https://labur.eus/deiturak.
Abizena euskarazko grafiara aldatzea oso erraza da. Agiri hauek eraman behar dira herriko Bake Epaitegira:
-
Errolda-agiria. Udal bulegoetan egiten dena edo elektronikoki eskura daitekeena.
-
Jaiotza-agiri literala: herriko Bake Epaitegian egiten dute. Donostian erregistratuta daudenek Donostiako Erregistro Zibilera joan behar dute, Kalkutako Teresa plazara.
-
Nortasun Agiriaren kopia.
-
Familia-liburua (ezkondua egon edo seme-alabarik izanez gero).
Eskuorria bereziki gazteei zuzendua dago; hala ere, adin tarte horretarakoa ez den edozeinek abizenaren grafia euskaraz jarri nahi badu, eskualdeko udal euskara zerbitzuetara jo dezake, edota https://euskara-info.buruntzaldea.eus/euskara helbidean kontsultatu.