Maiatzaren 7an, Astigarragako Erribera Kulturgunean, Buruntzaldeko BeatEroak egitasmoaren amaiera ekitaldia egin zen.
Erribera Kulturguneko erakusketa aretoa gaztez eta familiaz bete zen BeatEroak-en itxiera saioaz gozatzeko. Go!azen-eko Yan Pinto eta Enara Dominguez aktoreek ekitaldia dinamizatu eta bertaratutakoak errimak botatzera animatu zituzten. Herri bakoitzeko gazteek sortutako rap abestiak eta protagonistak entzuteko aukera ere izan zen.
Saioaren amaieran, edizioko lan irabazlea iragarri zuten: Andoaingo taldeak sortutako «Laguntasuna» rapa. Abesti saridunaren egileek bideoklip profesionala grabatuko dute eta datozen hilabeteetan ikusi ahal izango da BeatEroak webgunean. Parte-hartzaile guztiek bluetooth bozgorailu bat jaso zuten opari eta bertaratutako guztientzako zizka-mizka egon zen.
BeatEroak egitasmoak Buruntzaldeko gazteak bildu ditu azken hilabeteetan hainbat sormen tailerretan. Ekimenaren helburua euskara eta rapa eskualdeko gazteengana hurbiltzea izan da, partaidetza, musika eta euskararen erabilera modu hurbilean sustatuz.

