Itzulera
Arte eszenikoa eta zinematografikoa uztartzen dituen road movie bat da Itzulera, Dejabu konpainiaren azken sorkuntza.
Antzerki konpainia bateko hiru kidek Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Dokumental bat grabatzera joan dira krisi kreatiboan dauden hiru kideak, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntza bati esker. Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea.
Zuzenean sortutako film baten moduan eszenaratzen da lana. Hiru antzezleez gain, David Aguilar zinegilea dago oholtzan, zuzeneko irudien sorkuntza eta errealizazioan. Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat.
Esperientzia errepikaezina da emanaldi bakoitza ikusleentzat, abenturaren parte baitira nolabait.
