Literatura feminismotik
Euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra. Hala, azken urtean argitaratutako lanak irakurriko ditugu, egungo testuinguru eta bizipenetatik. Helburua da emakume idazleak ezagutaraztea, eta egun garatzen ari diren kezka, diskurtso eta proposamenak denen artean hausnartzea eta horiek genero ikuspegi eta ikuspegi feminista batetik irakurtzea.
Gidaria: Alaine Agirre
Oraingoan: Amorante frantsesa. Miren Agur Meabe
Idazlea BERTAN izango da.
Egunero etxerakoan bizkar gainera igotzen zaizkion itzalez inguratuta bizi da, basoan, kontakizun honetako protagonista, Agurtzane. 60 urte beteak, atezaina da ikastetxe batean eta bi egiteko nagusi ditu: osasun mental arazoak dituen ahizpaz arduratu eta berriz loratzeko sentitzen duen irrika asetu. Irati Beraza ikaslearen gorpua Artxandan agertu izanak, ordea, detektibe amateur bilakatuko du. Lagunak, txakur adoptatu bat, urtegia, iraganeko absentziak eta maitale berri bat gurutzatuko dira bere bizimoduan. Ezustekoz betetako bakardadea, basoko argi eta soinuekin nahastean.
Poema bidez idatzitako nobela da Miren Agur Meaberen lan hau, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea, thriller ukituekin.
