Buruntzaldea honako udalerri hauek osatzen dugu: Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilek. Sei udal horien artean lankidetza hitzarmena sinatu genuen 2002an, eskualdean euskararen erabilera normalizatzeko elkarlanean aritzeko helburuarekin. Hauxe da hitzarmen horren nondik norakoa:
1.- “Buruntzaldea” eskualdeko Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalen helburuetako bat da, besteak beste, udalerri horietan euskararen normalizaziorako zenbait egitasmo elkarren artean bideratzea.
2.- Udalerri bakoitzak antzeko egitasmoak ditu martxan hainbat arlotan, nork bere bitartekoak erabiliz prestatuak. Udalerrien arteko lankidetza hau bitarteko, egitasmoak eskualde mailara zabalduta aberatsagoak eta sendoagoak izango dira, giza baliabide eta baliabide ekonomikoak hobeto erabiltzearen poderioz landuagoak izango direlako eta, ondorioz, baita eraginkorragoak eta errentagarriagoak ere.
3.- Badaude, bestalde, udalerriaz gaindiko gaiak ere, udal batek bakarrik eragin ezin dituen arlo edota sektoreak. Horregatik, ekimen horiek Buruntzaldeko izaera dutenez, eskualdeko esku hartzea bideratuko dute udalek hitzarmen honen bitartez.
4.- Elkarlanak, edozein modutara, errespetatu egin behar du udalen autonomia. Horregatik, hitzarmen honetan parte diren udalek aukera izango dute egitasmo bateratu hauek, egokiago ikusiz gero, beren udalerrira egokitzeko, edota egitasmoren batean parte ez hartzeko. Kontuan hartu behar baita egoera soziolinguistikoak, herrien tamainak eta hizkuntza normalizazioan egindako ibilbideak anitzak direla. Horregatik guztiagatik erabaki dute lehenago esandako udalerrietako udalek beren artean elkarlanean jardutea eta, horretarako, beren arteko harremanak arautzen dituen administrazioko hitzarmen hau izenpetzea.