Noticias

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera Gipuzkoan biztanleriaren erdia baino gehiago euskalduna da

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera Gipuzkoan biztanleriaren erdia baino gehiago euskalduna da

Andoain
Astigarraga
Hernani
Lasarte-Oria
Urnieta
Usurbil

Inkesta soziolinguistikoak euskararen egoera eta bilakaera aztertzen ditu, eta EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu kontuan (2.680.000 pertsona gutxi gorabehera). Bost urtetik behin egiten da, eta lehenengoa 1991n egin zen. Hortaz, azken 30 urteetan euskarak izan duen bilakaera ezagutzeko aukera ematen digu VII. Inkesta Soziolinguistikoak.

Euskaldunen bilakaera

2021eko inkestaren arabera, EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 36,2 euskalduna da, % 18,6 euskaldun hartzailea eta % 45,3 erdalduna. EAEn 16 urte edo gehiagoko 680.629 euskaldun daude, 1991n baino 261.000 euskaldun gehiago. Euskaldunek hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan egin dute gora baina alde handiak daude batetik bestera:

  • Gipuzkoan biztanleriaren erdia baino gehiago euskalduna da: % 51,8.
  • Bizkaian biztanleriaren herena da euskalduna: % 30,6.
  • Araban biztanleriaren laurdena da euskalduna: % 22,4.

Adinari erreparatuz, Euskaldunen ehunekorik handiena 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean dago: 16 eta 24 urte bitartekoen % 74,5 euskaldunak dira; 1991n % 25 ziren.

Euskaraz hitz egiteko erraztasuna

Euskaldunak irabazi ditugun neurrian, gora egin du erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duen euskaldunen kopuruak. Gaur egun euskaldunen % 44,3k erraztasun handiagoa du erdaraz hitz egiteko. Euskaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa duten euskaldunak gutxiago dira gaur egun eta gehienak Gipuzkoan bizi dira (217.000).

Lehen hizkuntza

EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleriaren % 18,4k euskara soilik jaso du etxean eta % 6,5ek euskara eta erdara. Era berean, lautik hiruk (% 75,1), erdara soilik jaso du etxean. Lehen hizkuntza erdara dutenak nagusi dira EAEko lurralde eta adin- talde guztietan. Euskaldun berriak eta jatorrizko elebidunak duela 30 urte baino bi aldiz gehiago dira gaur egun eta etxetik kanpo, eskolan edo euskaltegian jaso dute euskara.

Euskararen erabilera

16 urte edo gehiagoko biztanleen % 22k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du EAEn, % 11,5ek euskara erabiltzen du eta % 60,9ak erdara erabiltzen dute. Erabilerari buruzko emaitzetan alde handiak daude lurralde batetik bestera. Izan ere, % 40,8 dira Gipuzkoan, % 14,5 Bizkaian eta % 7,8 Araban.

Gipuzkoan euskararen erabileran eragiten duten bi faktore nagusiak:

  • Lau udalerri izan ezik (Errenteria, Irun, Pasaia eta Donostia), Gipuzkoako udalerriak hirugarren eta laugarren gune soziolinguistikoetan daude. Gainera, lau udalerri horiek hirugarren gune soziolinguistikoan sartzetik gertu daude.
  • Gipuzkoako euskaldunen % 62,5ek euskara jaso du etxean, eta horietatik herena baino gutxiago dira erdaraz hitz egiteko erraztasun handiagoa dutenak.

Eta Buruntzaldean zer?

Astigarraga eta Hernani ilusio handiz sartu dira UEMAra, euskararen ezagutzaren eta erabileraren aldea murrizteko erronkari aurre eginez. Hala, UEMAk jada 101 udal ditu eta hiru dira Buruntzaldean UEMAko kide diren udalerriak. Biztanleak batuta, kasik erdiak dira udalerri euskaldun deritzenetan bizi direnak.

Astigarraga zein Hernanin gora egin du euskararen ezagutzak, baina aldea handitzen ari da ezagutzaren eta erabileraren artean. Alde hori murrizteko eta udalen zein udalerrien euskalduntzean sakontzeko, UEMAren esperientzia eta zerbitzuak baliatu nahi dituzte bi udalek.

UEMAko kide izateko ezinbestekoa da herriko euskaldunen indizea %70 izatea. Beraz, langa horretara helduta, udalerri euskaldunen artean daude Hernani eta Astigarraga. Euskararen erabilera handitzea izango da datozen urteetako erronka.