Gidabaimena Euskaraz programaren baitan 2025ean parte hartu dutenen arteko zozketa egin zen atzo Andoaingo Bastero Kulturgunean. Buruntzaldeko Astigarraga, Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo udaletako ordezkari politikoak, teknikoak eta eskualdeko autoeskolen ordezkariak egon ziren ekitaldian.
Ekitaldian hitza hartu zuten Andoaingo zinegotziak, Marta Lasa Goñik, eta herri honetako euskara teknikariak, Arantza Aguado Perugorriak.
Ehunka herritarren parte hartzea
Gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ikastea eta azterketa euskaraz egitea bultzatzeko asmoz, Buruntzaldeko sei udalek (Urnieta, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) egitasmo bat garatu izan dute urtero, 2010etik, eskualdeko autoeskolekin lankidetzan. Urte hauetan guztietan 1.300 herritar baino gehiagok hartu du parte, eta sari mordoxka banatu dira.
Egitasmoak 16 urteko ibilbidea egin du eta azkeneko urteotan parte-hartzea jaisten joan da, horregatik, aurten azkeneko aldiz egingo dute zozketa udalek batera. Momentu honetan udal gehienak dirulaguntza zuzenak emateko bidea urratzeko prest daude, bakoitzak bere erara. Honen aitzindaria Lasarte-Oriako udala izan da eta, horregatik, aurten jada, ez du parte hartuko zozketa honetan.
Eskualdean iaz gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditu zuten 69 herritarrek (Hernaniko 28- Andoaingo 7–Astigarragako 8 –Usurbilgo 20 – Urnietako 6). Horien artean 400 euroko 8 sari zozketatu dira guztira. Sari kopurua erabakitzeko kontuan hartu da herri bakoitzean diren autoeskolen kopurua, salbu eta Astigarragan, herri honetan ez dago autoeskolarik baina sari bat zozketatuko da eskualdeko autoeskoletan gidabaimena euskaraz gainditu duten astigartarren artean.
Egitasmoaren arduradunek ekintza honekin bat egin duten eskualdeko autoeskolak aipatu eta eskerrak eman dizkiete: Andoaingo Bengoetxea eta Vallina CAP, Hernaniko Hernani, Lagunak eta Otamendi eta Urnieta eta Usurbilgo Solozabal.
8 sari zozketan
Kontuan hartuta parte hartu duten herritarren jatorria, Andoain, Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbil, guztira bost ontzi jarri ziren aretoan eta ontzi bakoitzean herritarren txartelak sartu ziren. Ordezkari politikoek atera dituzte herri bakoitzari zegokion txartel kopurua (Andoain 2, Astigarraga 1, Hernani 3, Urnieta 1 eta Usurbil 1). Honakoak irabazleak:
- Andoain: Maren Jauregi Ugartemendia eta Nahia Gorostidi Lopez
- Astigarraga: Enaitz Isasti Zabaleta
- Hernani: Eki Sanchez Balerdi, Endika Recondo Murua eta Ane Livi Santacruz Elosegi
- Urnieta: Hegoi Lizaso Lopez
- Usurbil: Saray Hernandez Etayo
Hemendik aurrera
Aurten Lasarte-Oriak egin duen bezala, eskualdeko beste udal batzuk ere hasiko dira dirulaguntza zuzenak ematen: Andoain, Hernani eta Astigarraga, kasu. Horren inguruko informazioa zabalduko da datozen hilabeteotan, baina ziur izan erraztasunak eskainiko zaizkiela gidabaimenaren azterketa euskaraz egiten duten herritarrei.
Ekitaldia bukatzeko, Marta Lasak eskertu nahi izan zien urte hauetan gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera egin duten herritar guztiei, beraiek bidea urratzen eta irekitzen ari direlako ondoregoek naturalago eta normalago aritu daitezen euskaraz.

