Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. “Euskara ari du. Baietz Hernanik!” urtebetez euskaraz bizitzeko erronka abian da
Hernani

“Euskara ari du. Baietz Hernanik!” urtebetez euskaraz bizitzeko erronka abian da

Euskara Ari Du Elkarteak erronka berria antolatu du Hernanin, urtebetez euskaraz bizitzeko erronka hain zuzen ere. Euskal Herrian euskara hutsez urtebetez bizitzeko erronka abian jartzen duen lehenengo herria da Hernani eta, otsailetik abendura, hilero-hilero herritar multzo bat gehitzen joango da erronkara. Otsailean 125 herritar animatu dira erronkan parte hartzera.

Edozein momentutan eman daiteke izena eta, behin izena emanda, urte osoan jarraituko du herritar horrek erronkarekin. Bakarra izan daiteke erronka, edota aldagarria. Hilean behingo jarraipenak aukera emango dio erronkalariari hartu duen erronkarekin jarraitzeko edota erronka berri bat hartzeko.

Gutxieneko erronka da norberaren bizitzako hizkuntza ohitura bat, bat behintzat, aldatzea. Izan etxean, lagunartean, lantokian edota beste edozein eremutan, euskaraz egin daitekeen harreman bat baina gaztelaniaz egiten dena (ohituragatik, erraztasunagatik…) euskaraz egitea da helburua.

Euskara ari du elkartearen helburua da hilero-hilero erronkalariak gehitzen joatea, eta Hernaniko hizkuntza ohitura batzuk aldatzea. Antolatzaileen esanetan, jarraipena egingo zaio egitasmoari, hileroko jarraipena hain zuzen ere, urte amaieran jakin ahal izateko zein izan den egitasmoaren eragina: zenbat ohitura aldatu diren, zenbat geratu diren bidean eta zergatik.

*Informazio gehiago: Kronika.eus