Andoaingo Guduari buruzko ibilaldi gidatua

Andoaingo Guduari buruzko ibilaldi gidatua

Irailaren 16an, larunbatarekin, Andoaingo guduari buruzko ibilaldi gidatua izango da Jon Unanueren eskutik, Goikoplazan hasi eta Otietako Unanibiko zubian amaituko dena, herriko kaleetan eta Lizarkolako ubidean barrena ibili ondoren. Aurretik izena ematea ezinbestekoa da harrera@larramendibazkuna.eus helbidean edo 656782521 zenbakian. Ibilaldian parte hartzeko lekuak mugatuak dira. Ibilaldian barrena Andoaingo gudua zer izan zen eta zergatik azalduko zaie partaideei.

Bi ekimen hauek Andoaingo guduak eta lehenengo karlistaldiak Andoainen eta Beterrin eragin zuten bortxakeria eta hondamendia gogoratzera datoz, ikuspegi anitzetik.

Izan ere, 1837ko irailaren 14an gertatu zen Andoaingo gudua, lehenengo Karlistaldian. Carlos erregegaia bere gudarostearekin Madrilerantz joana zela baliatuz, O’Donell jeneral liberalak Donostia eta Hernanitik bere agindupeko tropak, 7000 gizon inguru, Andoainera ekarri zituen eta kanpamendua Goikoplazan ipini, inguruan ziren soldadu karlistak Oria eta Leitzaran ibaien bestalderantz uxatu eta bidean izua, hondamendia eta bortxa zabaldu ondoren. Aurrerabide horren albistea jaso bezain laster, Uranga jeneral karlista Nafarroatik batailoi batzuekin etorri eta kontraerasoa antolatu zuen, horretarako 3.500 mutil bildurik. Irailaren 14an jo zuten kontraerasoa karlistek eta O’Donell engainatu ondoren oso borroka gogorrak izan ziren Andoaingo kaleetan barrena. Egun hartako borroketan 600-800 lagun inguru hil ziren, gehienak gudaroste liberalekoak, haien artean Karlistaldian borroka egitera Erresuma Batutik etorritako Legio britainiarreko ingeles, eskoziar eta irlandarrak.

Andoaingo herriak eta aldirikoek hondamendi handia izan zuten: Andoainen 55 baserri guztiz kiskali zituzten, bertakoak ihesean jarri ondoren; Urnietan herri ia osoa kiskali zuten, bost etxe besterik ez zen zutik gelditu. Lehenengo karlistaldian izandako gudurik ankerrenetakoa izan zen, historiografia ofizialak nahikoa bazterrean utzi izan duena alderdi epiko handirik ez eta herritarren oso oldarraldi gogorra izan zuelako. Izan ere, soldadu karlistekin batera herritarrak izan ziren gogorren jo zutenak gudaroste liberalaren aurka, mendekua eskatuz “ez da kuartelik su ematen dutenentzat” oihuaren oihartzunaz.

Data

Ira 16 2023
Expired!

Ordua

11:00

Kokalekua

Goikoplaza

Herria

Andoain