Chillida 100 urte. Udako solstizioa.

Chillida 100 urte. Udako solstizioa.

Datorren ekainaren 21ean Chillida Lekuk bere ohiko Udako solstizioa ospatuko du ikuskizun parte hartzaile handi batekin. Horretarako, museoa topaleku bihurtuko da, non musikak, dantzak eta poesiak ongietorria emango dioten udari artistaren eskulturekin hitz eginez. Chillida 100 urte izenburupean, museoaren eta Hernaniko kultur eragileen arteko lankidetza-proiektu hau, Kukai dantza konpainiaren koordinaziopean, festa kultural handi bat bihurtuko da, eskultorearen mendeurrena ere ospatuko duena.

Chillida 100 urteren sorkuntzan, Kukai dantza konpainiako zuzendaria den Jon Maya koreografoaren zuzendaritza artistikoarekin batera, hamabi erakundek hartu dute parte, hala nola Hernaniko dantza, musika eta antzerki eskolek eta museoaren jardueran hain ohikoak ez diren beste kolektibo batzuek. Proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren dirulaguntza jaso du, eta gertuko komunitatearekin harremanak sendotzea eta museoaren bizitzan parte har dezaten bultzatzea du helburu.

Ikuskizun orokorraren aurretik, ikusleek 10-15 minutuko emanaldi txikiak izango dituzte museoan zehar sakabanatuta. Horietako bat Andres Marinek Zabalaga baserrian egingo duena izango da, 100 lagunentzako edukierarekin. Interpretazio hauen ondoren, Chillida Lekuren eskulturak zeharkatuko dituen ikuskizun ibiltaria hasiko da, hala nola Buscando la luz I [Argiaren bila I], Consejo al espacio IV [Kontseilua espazioari IV edo Besarkada XIV. “Geldialdi bakoitzak arte-diziplinen eta Chillidaren eskulturen arteko elkarrizketa ezarriko du, artistaren konpromiso sozial sendoa eta komunitatearekin dituen loturak gogorarazteko”, esan du Nausica Sánchez Chillida Lekuko Hezkuntza eta Ikerketa arduradunak.

Chillida 100 urte, udari ongietorria egiteko lankidetza-proiektua

Chillida-Lekutik bultzatzen ari den publiko berriaren garapen-proiektuaren parte da hitzordu hau, Hernaniko Udalarekin eta Kukai dantza-konpainiarekin elkarlanean, eta kasu honetan proiektuaren zuzendaritza eta ideia artistikoak baita inplikatutako kolektiboekiko bitartekaritza gauzatu ditu. Urte osoan zehar lantaldeek behin baino gehiagotan bisitatu dute museoa eta diziplina anitzeko sorkuntza horri bizia emateko bildu dira. Horretarako, kultura-eragileekin, elkarteekin eta tokiko eskolekin lan egin da, komunitatearekiko harremanak indartzeko, eta kultura-publiko berrien sorkuntza eta dibertsifikazioa sustatzeko.

Alde horretatik, eskultura, dantza, musika, antzerkia eta poesia lotzen dituen elkarlaneko arte-sorkuntzako proiektu gisa pentsatutako pieza da emaitza. Azken emaitzaz gain, lan-prozesuari eta inplikatutako eragileen arteko topaketei esker, lotura bat eratzea lortu da museoaren eta proiektuan parte hartzen duen komunitatearen artean.

Chillida 100 urten Maite Larburuk, Ttartla dantza taldeak, Nuta espazioak, Biteri kultur etxeko antzerki eta dantza ikasleek, Hernani Institutoak, Hernaniko Bertso eskolak, Ozenki eta Kantuz abesbatzek, Hernaniko Herri Musika Elkarteak, Hernani Musika Eskolak eta udal musika bandak hartu dute parte.

Chillida Leku, artea eta natura uztartzeaz gain, espazio anitza eta inklusiboa da, herritarren parte-hartzea modu aktiboan sustatu nahi duena museoan. Chillida 100 urte ehun bat pertsona inplikatzen dituen proiektu bat da, belaunaldien arteko izaera duena, eta horrek publiko ugari erakartzea ahalbidetuko du.

Gainera, Chillidaren lanaren izaera unibertsalak – lurralde baten parte sentitzen zen, baina besoak mundura zabalduta – kohesio-leku bihurtzen du museoa, eta ikuskizun honek artistak bere obrarekin zabaldu nahi zituen balioak transmititzeko aukera emango du, non gai etikoak jorratzen dituen eta humanismo sakonez beteta dagoen. Eduardo Chillida, pertsonentzat topaleku gisa sortutako bere eskultura publikoengatik ezaguna, artistaren filosofian eta giza eskubideak babestuko dituen gizarte justuago eta errespetagarriago bat eraikitzeko borondatean oinarritutako ekitaldi honen bidez ospatuko da.

Ekitaldia aire zabalean da, eta, antolatzaileek mantak ekartzeko gonbitea egiten diete ikusleei, eserita ikuskizunaz gozatu ahal izateko eta ikusle guztien ikusgarritasuna errazteko. Bestalde, jende asko espero denez, museora garraio publikoan etortzea edo Galarretako aparkalekutik autobus berezia erabiltzea gomendatzen da.

Chillida Lekura hurbilduko den ikuslegoarentzat Udako Solstizioa ikuskizun berezia bezain hunkigarria izango da. Horregatik, emanaldia Euskal Telebistak grabatuko du eta uztailaren 2an ETB1eko OHOLTZAN saioan izango da ikusgai.

Hernaniko Udalak 100 sarrera jarriko ditu salgai, erdi prezioan

Udako solstiziorako 100 sarrera jarriko ditu salgai astelehenean Udalak, erdi prezioan (10 €). Biteri Kultur Etxean erosi beharko dira. Sarrera hauek bukatzean, Chillida Lekuren webgunean erosi beharko dira. Guztira, 1.000 sarrera jarriko dira salgai.

Hernaniko herritarrentzako eskaintza berezia Hernaniko Udalak eta Chillida Leku Fundazioaren arteko hitzarmenari esker gauzatzen da.

Sarrerak

Tags:

Data

Eka 21 2024
Expired!

Ordua

20:00

Kokalekua

Chillida Leku
Kategoria

Herria

Hernani