Euskal jaiak 2026

Euskal jaiak 2026

Irailak Euskal Jaiak ekarri ohi ditu Hernanira. Aurtengoan, hilaren 17tik 20ra izango dira ekimenak. Baserri giroa eta euskal tradizioa Hernaniko erdigunearen jabe egiten dituen festa da hau.

Ohitura zaharrak, musika eta herri kirolak izango dira nagusi, adin guztietako herritarrentzat.

Sagardo dastaketa gidatua, ekitaldiei hasiera emateko

Sagardo dastatze gidatu batekin hasiko dira aurtengo Euskal Jaiak, hilaren 17an (osteguna). Txartelak salgai daude 5 €an Zinkoenea tabernan. Hain zuzen ere, Zinkoenea tabernaren mendeurrena ere ospatuko da egun horretan, bertso-saio musikatuarekin.

Ostiralean, aldiz, erremontea (kiroldegiko pilotalekuan) eta Bretainiar Konexioa izango dugu, Euskal Herriko eta Bretainiako dantza eta musika emanaldia.

Euskal jantziak janzteko deia

Hilaren 19a, larunbata, izango da Euskal Jaitako egun handia. Egun osoko egitaraua izango da: abeltzain azoka eta antzinako lanabesen erakustaldia; erraldoiak; Hernaniko produktuen azoka; txakolin-dastatzea; kantu-jira; herri kirolak; haurrentzako jolasak; bertsolariak eta erromeriak izango dira.

Egun horretan, herritarrak euskal jantziak janztera animatu dituzte Udalak eta antolakuntzako eragileek. “Azken urteetan beheraka doa Euskal Jaietan euskal jantziak janzteko ohitura, eta berreskuratu nahi genuke”, azaldu du Aitor Huizi Kultura zinegotziak.

Niko Etxart eta Hapa-Hapa, Euskal Jaiari bukaera emateko

Igande goizean Artisau Azokaren txanda izango da, baita trikitixa jaialdia eta pilota partidak ere.

Iluntze horretan, Euskal Jaiei ginga jarri eta bukaera emateko, Niko Etxart abeslari zuberotarra eta haren taldearen, Hapa-Hapa, kontzertua izango da, doan, Atsegindegin.

EGITARAUA

  • 00

    egun

  • 00

    ordu

  • 00

    minutu

  • 00

    segundu

Data

Ira 17 - 20 2026

Ordua

Egun osoa

Kokalekua

Erdigunea

Kategoria

Herria

Hernani