Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek haur jaioberrien familiei zuzendutako ongietorri oparia berritu dute

Buruntzaldeko udaletako euskara zerbitzuek haur jaioberrien familiei zuzendutako ongietorri oparia berritu dute

Urte asko dira Buruntzaldeko sei udalek jaioberrien familiei hainbat bailiabide eskaintzen dizkietela, besteak beste, zorion gutuna, hizkuntzari buruzko aholkuak, abestien CD-a eta ibilgailuan jartzeko pegatina. Orokorrean, familiek gustura jaso izan dute opari-sorta; baina garaiak eta gizartea aldatzen doaz eta iazko urtearen hasieran ekin zitzaion material hori guztia berritzeari.

Materiala berritzerakoan bi erronka nagusi egon dira:

  • Familia berriei egokitzea: Biztanleria aldatzen ari da eta horrekin batera, familien tipologia aldatzen ari da. Familia horiei hainbat baliabide eskaintzera dator material berritua, hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familia ere badelako.

  • Garai berrietara egokitzea: Garaiak ere aldatzen ari diren honetan, bitarteko digitalen aldeko apustua egin da.

Material berriaren bildumak 3 atal ditu:

    • Karpetatxoa: Jaioberrientzako ongi etorri eta zorion mezua 15 hizkuntzatan jasotzen da.

    • Iman-euskarria: Egunerokoan umeekin erabiltzen diren esaera labur eta erraz batzuekin.: otorduetan, lotarakoan, agurtzeko‚Ķ

    • Haurtxoarekin jolasten, abesten zenbatzen izeneko liburuxka zabalgarria: Ilustrazio bizi-bizi eta erakargarriekin jantzita, alde batean, euskaraz zenbatzeko; bestean, berriz, jolasak, abestiak eta euskarazko hainbat esaera bildu dira.

      Gainera, jolas, abesti eta esaera guzti-guztiak euskarri digitalean ere jaso dira; euskarri fisikotik, QR kodeen bidez, atari digitalera salto egiteko. Euskara.buruntzaldea.eus webgunean ikusgai daude bideo eta audioak.

Hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familia ere badenez, geroz eta anitzagoak diren familiei hainbat baliabide eskaintzera dator material berritua. Garrantzitsua da familiak kontzientziatzea edozein egoera eta harremanetan bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzeko gaitasuna eskuratzea onuragarria izango dela. Haurrek eskolan euskaraz ikasiko badute ere, familiak haurraren bidealgun izan behar dute hizkuntzak eurenganatzeko prozesuan. Eta familia guzti-guztiek dute, bakoitzak bere errealitatetik abiatuta, zer-nola eragin. 4 familia-tipologia bereiztuta (familia euskaldunak, mistoak, euskaraz ulertzen dutenak eta euskara ezagutzen ez dutenak) familia bakoitzari lauzpabost gomendio luzatzen zaizkie.

Euskara.buruntzaldea.eus webgunea

Jaioberrien materiala berritzearekin batera, euskara-buruntzaldea.eus webgunea ere berritu da. Diseinuz ataria azalberritu ez ezik, edukiak ere txukundu, eguneratu eta birrantolatu dira; goiko menu nagusia 5 ataletan banatu da.

Webgunean nahiko erraz topatu daiteke euskarazko baliabide asko eta asko. Aipatutako txikienekin euskaraz aritzeko material erakargarria osatzea izan da lehentasuna, baina gazte eta heldueintzat ere baliabide mordoxka aurki daiteke bertan, informazio orokorrarekin batera (albisteak, kultur agenda, dirulaguntzak, aholkularitza, itzulpen-zerbitzuak, etab.)

Aurrerantzean, webgunearen berritze-lanekin jarraitu nahi da, hau da, baliabide gehiagoz hornitu ataria; haur, gazte nahiz helduen interesekoak izan daitezkeen material, proiektu eta ekimenen berri emanez.