Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Zubieta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sortutako 'Agu. Pilates & ariketa fisikoa' enpresak jaso du Ekintzailetza Euskaraz Saria
Andoain
Astigarraga
Hernani
Lasarte-Oria
Urnieta
Usurbil

Zubieta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sortutako ‘Agu. Pilates & ariketa fisikoa’ enpresak jaso du Ekintzailetza Euskaraz Saria

Buruntzaldea Euskarazen lan-ildoetako bat da Lanbide Heziketan euskararen normalizazioan eragitea, eta horrexegatik aritzen da elkarlanean LANEKI elkartearekin. Bada, testuinguru horretan, aurten, lehenengoz, Hizkelan jardunaldietan, Ekintzailetza Euskaraz Saria eman da, Lanbide Heziketaren esparruan sortutako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko eta aitortzeko, eta Agurtzane Alkorta usurbildarrari eman diote.

Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta izan da eta 2026. urteko Urratsbat proiektuko ekintzaile usurbildarrari 1000 euroko saria eman zaio. Enpresa saritua Zubieta LHIIko Urratsbat proiektuaren barruan sortua izan da, eta Maider Telleria Urratsbat dinamizatzailearen laguntza jaso du.

Epaimahaiak argi izan du sorreratik enpresa sortu berri honek ezin hobe betetzen dituela sari hau jasotzeko baldintzak. Enpresa honetan, egunerokoan, euskara erabiltzen da. Gainera, enpresako gainerako arloetan ere, logoan, sare sozialetan, zerbitzuan… euskara nagusitzen da.

Eskualdeko euskal komunikabideekin ere harreman estua izan du, horietan iragarri izan baitira enpresako zerbitzuak, eta berri emateko hitzaldiak eta elkarrizketak euskaraz izan dira guztiak. Hitzaldietan itzulpen-zerbitzua eskaintzen da euskara ulertzen ez dutenentzat.

Beraz, lan-jardunaren hainbat arlotan euskara lehenesteagatik, Ekintzailetza Euskaraz Saria Agurtzane Alkorta andrearentzat izan da, Zubieta LHIIN sortutako Agu. Pilates & ariketa fisikoa enpresaren sortzaile eta nagusia denarentzat.

Ekintzailetza Euskaraz Sariaren lehiaketa, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa den Tknikak eta Laneki elkarteak lankidetzan antolatu dute, eta aurten izan da lehenengo edizioa. Datozen urteetan ere, enpresen ekimena euskaraz saritzeko asmoz, Hizkelan jardunaldian banatuko da Ekintzailetza Euskaraz Saria.