HH5etik DBH4ra bitarteko ikasleek izango dute euskara errefortzu klaseak jasotzeko aukera, Zubietan, Aginagan eta Usurbilen. Saioak Ttakun elkarteak diseinatuko ditu, eta hezitzaileak usurbildarrak izan daitezen nahi dute: curriculumak bidaltzeko epea ireki dute, uztailaren 2ra arte.
Usurbilgo Udalak eta herriko hiru ikastetxeek, elkarlanean, euskara errefortzu klaseak eskainiko dituzte, doan, urritik aurrera. Eskolatik kanpo euskaraz aritzeko eskaintza indartzeko egitasmoa da, euskara gaitasunik ez duten ikasleentzat pentsatua. Talde bana sortuko da Zubietako eta Aginagako eskola txikietan; Udarregi ikastolan, berriz, hiru. Azaldu dutenez, 2023-24 ikasturtea probarako urtea izango da: “Hurrengoetarako eskaintza doitzeko aukera emango digu”.
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak Jatorri Aniztasuna eta Bizikidetza lan-ildoan kokatu du egitasmoa. Udalak aniztasunaren plan estrategikoa egin zuen, eta “aniztasuna modu demokratikoan kudeatu eta balio positibo modura proiektatzeko” hainbat egitasmo jarri zituen martxan. Horretarako, Aniztasun Kontseilua sortu zuen, udal ordezkariak eta hainbat herritar eta eragilerekin batera, eta udal barruan ere lantalde bat sortu zuen aniztasuna zeharlerrotasunez lantzeko. Alkateak iragarri duenez, harrera protokoloa osatu dute, eta gutxi barru aurkeztuko dute. Harrera protokoloa komunitate batera iristen diren pertsonei laguntzeko prozesuarekin dago lotuta: laguntza formala eta ez formala egituratzen ditu, hau da, udalak egin beharreko bidelaguntza eta herritik eman beharrekoa. Horrekin batera, harrera linguistikoari ere erreparatu diote: “Euskara ikastearen garrantzia ongi adierazi behar zaio kanpotik heldutako familiari. Zenbait lekutan ez dute ulertuko zergatik ikasi behar duten entzuten ez duten hizkuntza. Hori dela eta, gizarte honetan integratzen laguntzeko euskara jakiteak duen garrantzia azaldu behar zaie”.
Lehendik helduekin osatutako bi taldeez gain, haur eta gaztetxoei bideratutako euskara errefortzurako taldeak sortuko dituzte orain. Solaberrietak azaldu duenez, gero eta gehiago dira Euskal Herritik kanpo jaio eta Usurbilera bizitzera etorritako herritarrak, eta, ondorioz, baita euskara ezagutzarik edo gaitasunik gabe iristen direnak, tartean, umeak eta gaztetxoak: “Ikastetxeetako errealitate soziologiko eta soziolinguistikoa aldatzen ari da, eta horrek esku-hartze eta egitasmo bereziak eskatzen dizkigu”.
Euskara errefortzuen programak bi helburu ditu. Batetik, euskara ez dakiten ikasle etorkinei berariazko laguntza eskaintzea, hizkuntza eta komunikazio trebetasunak lehenbailehen eskura ditzaten, eta, bestetik, ikasle horiei hezkuntza sisteman sartzen laguntzea. “Izan ere, erronka handia da jatorri hain desberdinetako ikasleak euskalduntzea, baliabideak behar dituen erronka handia. Usurbilgo Udaletik baliabide hau jartzera goaz, argi dugulako eskolek eurek bakarrik ezin dituztela euskaldundu”. Solaberrietak azaldu duenez, Hezkuntza Mahaia osatu dute, eta hauxe izan da elkarrekin egindako lehenengo lana, baina aurrera begira ere elkarlanean jarraituko dute.
Ikastetxeek identifikatuko dituzte errefortzu klaseak behar dituzten ikasleak, eta haiek egingo diete saiootan izena emateko gonbita. Euskal Herrian jaio baina euskaldunak ez diren haurrek ere parte har dezakete saiootan, irakasleek hala gomendatzen badute. Dagoeneko horretan hasiak dira: ikasturte amaierako bilerak ari dira baliatzen gurasoei ekimenaren berri emateko. Izen-ematea irailaren 18tik eta 29ra arte izango da, eta nork bere ikastetxean egin beharko du. Horrez gain, Usurbilen erroldatuta egon baina ikastetxeotan matrikulatuta ez dauden herritarrek ere izango dute aukera ikastaroan izena emateko: horien kasuan, udaleko Euskara Sailarekin jarri beharko dute harremanetan, eta hark ebatziko du ikasle horiek errefortzu beharrik ote duten edo zein bestelako aukera iradoki.
Euskalduntzen laguntzea
Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak diseinatuko ditu saioak. Ikastetxeek eta udalak euskara errefortzu klaseak eskaintzea erabaki zutenean, antzeko ereduen bila hasita konturatu ziren Ttakunek halako saioak gidatzen dituela beste herri batzuetan, Beasainen eta Zegaman, hain zuzen ere: haiengana jo, eta elkarrekin ondu dute Usurbilgo eredua ere. “Duela zenbait urte arte, eskolak haur etorkinak euskalduntzen zituen uste hori zalantzan jartzen hasi ziren, eta nabaritzen hasi ziren eskolak bakarrik ez zuela lortzen haur horiek euskalduntzea”, azaldu du Jon Pello Artetxe Ttakuneko kideak.
Guztira, bost talde sortuko direla aurreikusi dute. Zubietako eta Aginagako eskola txikien kasuan, talde bana izango da, HH5etik LH6rako ikasleak elkartuta. Udarregi ikastolaren kasuan, hiru talde izango dira: HH5etik LH2ra, LH3tik LH6ra eta DBHko ikasleak. Ordu eta erdiko bina saio egingo dituzte, astean. Ordutegiak antolatzerakoan, ahal izan den heinean, adin tarte bakoitzarentzako eskolaz kanpoko gainerako eskaintza aintzat hartzen saiatu dira. “Izan ere, sozializazioak hizkuntza ikasteko duen garrantzia zein den ikusita, ikasleok, lehenik, haietan parte hartzea sustatu nahi dugu”.
Artetxeren esanetan, talde txikiak izan daitezen bermatu nahi dute, 10-12 lagunekoak, haur bakoitzaren beharrei erreparatu eta bakoitzaren egoerara moldatu ahal izateko; ikasturtea hasita Usurbila datozenei ere saio horietan parte hartzeko aukera emango diete. Parte hartzean oinarritutako metodologia erabiliko dute, ludikotasuna ardatz duena, ahozkotasunaren lanketari arreta berezia jarriz. DBHko ikasleen kasuan, aspektu akademikoari ere begiratuko diote. Ez dira eskola partikularrak izango, baina dituzten etxeko lanak ulertzen dituztela bermatuko dute.
Horrez gain, saioak gidatuko dituzten hezitzaileak Usurbilgoak izan daitezen nahi dute, garrantzitsutzat dutelako hezitzaileek ingurua ondo ezagutzea. Izatez, lan-poltsa osatzeko epea ireki dute: curriculum-ak zerbitzuak@ttakun.eus helbidera bidali behar dira, uztailaren 2 baino lehen. Hezitzaileak aukeratzeko orduan, usurbildarrak izateaz gain, kontuan hartuko dituzte hautagaien ikasketak, esperientzia eta euskara gaitasuna.
“Familientzako oparia”
Aginagako eta Zubietako eskola txikietako zuzendariak eta Udarregiko ikastolako ordezkari bana izan dira prentsaurrekoan, eta saiook “familientzako oparia” direla nabarmendu dute. “Ahozkotasuna eta ulermena haur hezkuntzatik ondo bermatzen bada, akademikoki zailtasun gutxiago izango dituzte”, nabarmendu du Leire Salaberria Aginagako eskola txikiko zuzendariak. Iugatz Illarramendi Zubietako zuzendariak eskerrak eman dizkio udalari: “Urteak daramagu entzuten eskolek bakarrik dutela euskaldundu, eta udala eragiten hasi da. Garrantzitsua da haurrek euskara gertuko sentitzea, eta, beraz, ezinbestekoa da eskolaren eremutik kanpo euskarari garrantzia ematea”. Udarregiko ordezkari Naiara Zabalak “oso beharrekotzat” jo ditu errefortzu klaseak, eta elkarlanean aritu izanaren garrantzia nabarmendu du.
Usurbilgo jatorri aniztasuna, datu eguneratuak
Aztikerrek udalaren eskariz egindako ikerketaren arabera, 2023ko urtarrilaren 1ean Usurbilek 6.387 biztanle zituen: horietatik 5.213 dira Euskal Herrian jaiotakoak, eta 1.174 Euskal Herritik kanpo jaiotakoak (hau da, biztanleria osoaren %18,4; azken urtean 0,6 egin du gora). Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarrak populazioaren hamarretik bi dira. Multzo horren barruan agertzen diren estatu nagusiak honako hauek dira: Espainiako Estatua (624), Nikaragua (71, duela urtebete baino 25 gehiago), Honduras (52), Maroko (42), Kolonbia (41), Ukraina (29) eta Ekuador (28).
2022an 317 pertsonek eman zuten alta Usurbilen, eta 198 herritarrek utzi zuten herria. 2022ko baja kopurua nabarmen jaitsi da, 2021eko datuekin alderatuta: 243tik 198ra murriztu da kopurua. Etorritakoen artean, erdia baino gehiago Euskal Herrian sortutakoak dira (174); Europatik etorritakoak %17 dira (%7,3 Espainiako Estatuan jaiotakoak dira eta %4,7 Ukrainan jaiotakoak); %19,2 Erdialdeko Amerikan; Hego Amerikatik 62 lagun etorri dira; Afrikatik 18 eta Pakistanetik 6.