APELLIDUAK ABIZENDU egitasmoaren bitartez, Buruntzaldea eskualdea osatzen duten sei herrietan (Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-orian, Urbietan eta Usurbilen) bizi diren herritarrek aukera dute izen-abizenak euskaratzeko.
Deiturak euskaratzea erabaki dutenek bizi diren herriko bake epaitegira joan behar dute. Prozesua erabat doakoa izateaz gain, erraz-erraza da. Oso tramite sinplea da egin beharrekoa. Hiru agiri dira beharrezkoak: errolda-agiria (Udaletxean eskatu behar da), jaiotagiri ofiziala (jaioterriko Bake Epaitegian eskuratu behar da) eta NANaren kopia. Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek, familia-liburua ere eman behar dute. Hori da guztia. Nahiko da agiri horiek Bake Epaitegira eramatea izen-abizenak euskal grafiara ekartzeko.
Euskaltzaindiak osatutako EODA Euskal Onomastikaren Datutegia hartzen da eredutzat abizenak euskalduntzeko irekitzen diren prozeduretan. Zalantzaren bat duenak nahikoa du herriko Bake Epaitegian galdetzea, han emango dizkiete-eta argibide guztiak.
Ibilbide oparoa
2000. urtetik martxan da deiturak euskaratzeko ekimena. Tokian tokiko bake-epaitegiekin lankidetzan, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek euskararen arloan elkarrekin aurrera eramaten dituzten ekintzetariko bat da Apelliduak Abizendu ekimena.
Erregistro zibilaren legearen 40/1999 erreformak ahalbidetu zuen deiturak zuzenean euskalduntzea, ordura arte abizenak aldatzeko prozeduraren bitartez egiten baitzen hori.
Eta harrezkero, makina bat izan dira deiturak euskaratzera animatu diren pertsonak. Azkeneko 15 urteotan, mila herritar inguruk euskaratu dute beraien izena edo abizena Buruntzaldean, eta hori sustatzen jarraitzen dute eskualdeko sei udalek, elkarrekin, ‘Apelliduak abizendu’ ekimenaren baitan.
Eskualde mailan, martxa polita darama ekimenak. Joan den urteko kopurua ikusi besterik ez dago horretarako: 59 herritarrek egin zuten izena edo abizena euskalduntzeko hautua.