Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. ‘Akuilari’, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko aplikazioa sortu du Behatokiak

‘Akuilari’, hizkuntza eskubideen urraketak salatzeko aplikazioa sortu du Behatokiak

Hizkuntza Eskubideen Behatokiarekin harremanetan modu “azkar eta eraginkorrean” jartzeko tresna da ‘Akuilari’. Mugikorrerako aplikazio honek erabiltzaileei aukera ematen die Behatokiari kexa bidaltzeko, euskara erabiltzeagatik kaltetuak izan badira edota erakunde edo norbanakoren batek hizkuntza eskubideak urratu badizkie.

Baina kexak bidaltzeko ez ezik, aplikazio honek hizkuntza eskubideak errespetatzen dituzten erakundeen jarrera txalotzeko ere balio du. Horretaz landa, beste erabiltzaileek Behatokiari helarazitako kexa edo zorion mezuak ikusteko aukera ematen du, bai eta mezu horiek sare sozialetan partekatzeko ere.

Behatokiak azaldu duenez, ‘Akuilari’ euskaraz bizitzeko hautua egin dutenei zuzenduriko lanabesa da. “Edonon euskaraz jarduteko arazoak aurkitzen dituztenean, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi, oztopoei aurre egin eta egoera hobetzeko bidea eskaini nahi du. Euskaraz bizitzeko nahia errealitate bihur dadin, zailtasunen gainetik duintasunez elkarrekin aurrera egiteko”.

Ez da Behatokiak eskaintzen duen tresna bakarra

‘Akuilari’-z gain, Behatokiak antzeko funtzioak betetzen dituen beste tresna bat ere badu: euskararen telefonoa. Honek aukera ematen du internetez –euskararentelefonoa.com-en– edo telefonoz –948 146 172ra deituta– kexa eta zorion mezuak igorri, eta hizkuntza-eskubideei buruzko kontsultak egiteko –‘Akuilari'-k ez du zerbitzu hau eskaintzen–.

Aplikazioa ondoko helbideetan deskarga dezakezu, musu truk:

Androiderako hemen

IOSerako hemen