Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Gipuzkoako Foru Aldundia pausuak ematen ari da euskararen normalizazioan

Gipuzkoako Foru Aldundia pausuak ematen ari da euskararen normalizazioan

Euskara normalizatzeko eta euskaraz bizi ahal izateko hainbat konpromiso zehatz hartu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurretik ere euskara normalizatzeko araua indarrean egon arren, praktikara eraman gabe egon da.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailearen esanetan, helburua Aldundia euskalduna izatea da. Ugartek azaldu duenez, egungo Gobernua osatzen duten kideek nagusiki euskara erabiltzen dute euren jardunean.

Gainera, legealdi honetan, herritarrentzako zerbitzu guztiak euskaraz emateko helburua gauzatu nahi du Aldundiak. Bestalde, laneko eremu informalean adibidez, euskararen erabilera areagotzeko sentsibilizazio ekintzak martxan jartzen ari dira Eralan egitasmoaren bidez.

Dagoeneko, 49.234 gipuzkoarrek eskatu dute euskaraz komunikatzea Ogasunarekin. Era berean, euskara hutsez Aldundiarekin harremana izan nahi duten enpresen kopurua ere aipagarria da: 643 enpresa.

Jendaurreko agerraldietan euskararen erabilera ziurtatzen ari direla nabarmendu dute, eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, interpreteen eta itzultzaileen zerbitzuak erabili ohi dira. Prentsaurrekoetan ere, hemendik aurrera, euskarak izango du lehentasuna eta moldatzen ez diren kazetarientzat aldibereko itzulpen zerbitzua izango da.