Usurbilgo Udalak eta Hamaika telebistak sinatutako elkarlanerako akordioa aurkeztu dute. Bertan izan dira, bi aldeen ordezkari gisara, Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo alkatea, eta Iñaki Uria, Hamaika Telebistako arduradun gisara.
Errekondok, Hamaika Telebista, "Usurbilentzat, eskualdearentzat eta Gipuzkoarentzat oso proiektu garrantzitsua" dela esan du, eta hor kokatu du akordioaren mamia.
Akordioaren helburua
Akordio honen helburu nagusia, usurbildarrei ikus entzunezko ekoizpenak nahiz informazioa euskaraz eskaintzea da, eta Udalak, honen bidez, euskaraz tokiko informazioa landu, ekoiztu, euskara azken teknologietan trebatu eta produktu ezberdin ugari euskaratzeak dakartzan gain kostuak arintzeko konpromisoa hartzen du gure gain. Hamaika Telebistak, bere aldetik, Usurbilgo herrian sortzen diren albisteak, zein usurbildarren presentzia, bermatzeko konpromisoa hartzen du.
Akordioaren garrantzia
Hitzarmen honen bidez, Errekondok adierazi duenez, Udalak modu argian berresten du, euskaratik eta euskaraz bizitzeko hartutako erabakia. Ildo horretan, euskarazko komunikabideek garrantzia erabatekoa dutela uste du, "jendartearen isla izan nahi duten neurrian, mundua berregiteko ahalmena dutelako, eta hori euskaraz egin dezaketelako." Herriko aldizkariaren (Noaua!) osagarri gisara aurkeztu du proiektua. Azkenik, Usurbilek egin bezala, beste herri batzuek ere urrats bera eman eta Hamaika Telebistaren proiektua sostengatzeko gonbitea luzatu zuen.
Hamaika telebistaren proiektua
Iñaki Uriak, Hamaika telebistaren izenean, eskerrak eman dizkio Usurbilgo Udalari eta gustora agertu da "lankidetzarako akordio honengatik." Usurbildarrek Euskal Herriko berriak eta Usurbilgoak ikusteko beste leiho baten gisara aurkeztu du Uriak Hamaika telebista. Zentzu horretan gogoratu du, egun Hamaika Donostia Telebistak astean 10 ordutik gorako ekoizpen propioa egingo duela euskaraz eta programazioaren baitan, kultura, kirola eta gizarte gaiak jorratzeaz gain, aktualitatea diren erakunde publiko ezberdinen informazioa ere bermatuko duela. Akordio honen bitartez, "Usurbilgo herrian sortzen diren albisteak zein usurbildarren presentzia bermatua geratuko da Hamaika telebistan." Zentzu horretan, Errekondok, Hamaika Telebistaren eskaintza Usurbil Euskal Herriaren aurrean aurkezteko leihoa izango dela zehaztu zuen.