Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Jexux Mari Irazu: "Txapela ez da ametsa, aukera bat da"

Jexux Mari Irazu: “Txapela ez da ametsa, aukera bat da”

Gipuzkoako bosgarren finala jarraian, ez da lorpen makala…
Ez nituen kontatu, baina, ez da lorpen makala ez, batez ere bost horiei Euskal Herriko beste bi erantsita. Ez naiz ni bertso bidea txapelketen arabera neurtu zalea, baina dagoena dago.

 

Aurtengora bereziki indartsu iristen zarela dirudi. Zer aldatu da aurreko aldietatik?
Zentratuago nago. Zer aldatu den? Batez ere disponibilitatea, eta horrekin txapelketan zentratzeko aukera. Agian, horrek ere kontatzen du-eta, zortea kontra behintzat ez izatea ere bai. Hortik aurrera, nola prestatu ere aurreko esperientzietatik ikasi egiten da. Horrek bertsotan kontzienteki egin nahi dudan hori egiteko ausardia eman dit.

 

Final-laurdenetan eta final- erdietan, zu izan zara puntu gehien jaso dituen bertsolaria. Horri esanahi berezirik ematen al diozu? Esanahi berezia baino, konfiantza ematen du, jakina. Hortik aurrera, finalean zerotik hasiko gara zortziok, eta aurrekoak ahaztu eta han egin egin behar da.

 

Arantza ateratzera zentozela aipatu zenuen Gpuntuko zure lehen saioan. Finalera iritsita, aterata al dago?
Ez zen finala bai edo ez ere. Txapelketak, antolatzen den dimentsioan, bere marka uzten du. Aurtengoan, nere buruari jarritako erronketako bat zen ikustea, bertsolari bezala ea txapelketak niretzat (edo alderantziz) formato baliagarria izaten jarraitzen zuen. Zentzu horretan arantza hori aterata dago.

 

Txapelketan egin beharreko ariketa eta formatuei dagokionez berrikuntzaren bidetik jo da aurten. Finalean, esaterako, lehen zatian ez da kartzelarik izango. Zer iruditzen zaizkizu berrikuntza horiek?
Kartzelako lanaren alde on handia da bertsolariak baldintza berean jartzen dituela. Eta txapelketa, lehia ere badenez, nire ustez baldintza berdintasuna hori gauza ederra da. Finalean, puntuak denentzat desberdinak izango dira, eta bakarkakoa ere bai. Hor aldea egongo da.

 

Eskualdeko ordezkari bakarra zara aurten finalean. Amaia Agirre ateetan geratu da…
Amaia Agirrek zoriontzeko txapelketa egin du. Hondarribian lan ona egin zuen, eta Hernanin oraindik hobea, nire ustez. Lan ona egitea dago bertsolariaren esku, hortik aurrerakoa…

 

Txapela, zer da, ametsa?
Ametsa baino gehiago aukera bat. Ni bila joango naiz, badator ondo eta bestela ere gaizki ez. Nire ametsa Larraulen hamabi urte arteko eskola izatea da.

 

*Iturria: Aiurri