Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. TXIMELA: “Guk euskararekin dugun konpromisoa epe luzerako da”

TXIMELA: “Guk euskararekin dugun konpromisoa epe luzerako da”

TXIMELA ENPRESA TALDEA, S.Lk duela hiru urte, enpresetako Euskara Planen ezaugarri eta laguntza publikoen berri izan zuen Astigarragako Udalak Buruntzaldeko beste Udalekin batera prestaturiko egitasmoari esker, eta, enpresarentzako onuragarria zelakoan, Euskara Plana diseinatu eta ezartzeko erabakia hartu zuen.

Astigarragako Udalarekin hitzarmena sinatu ondoren Udalaren laguntza jaso du eta baita Eusko Jaurlaritzarena. Hiru urte hauetan, langile eta bezero euskaldunen asetze maila igo eta kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzeko hainbat urrats eman dituzte, beti ere, enpresaren egoera eta beharretara egokituta. Fernando Martinez bertako Administrazio Zuzendariarekin aritu gara solasean, euren esperientzia ezagutzeko eta etorkizunerako zein asmo dituzten ezagutzeko.

-Noiz eta zergatik hasi zineten Euskara Planarekin?
 Hiru urte daramatzagu plana aurrera eramaten. Nahiz eta enpresa barruan euskararen erabilera indartzeko ekimen puntualak eginak izan aurretik, kanpoko laguntza jasotzeko aukera eskaini zigutenean erabaki genuen plan serio bat prestatzea. Egiteko horretarako Astigarragako Udaleko teknikariek nahiz Buruntzaldeko Udaletako euskararen aldeko taldeak laguntza eta bultzada handia eman izan digute.

-Plana egin aurretik zein zen euskararen egoera zuen enpresan? Noiz erabiltzen zen? Zertarako?
Gure langileriaren gehiengoa euskalduna zen. Langileen arteko ahozko komunikazioaren portzentaia handi bat euskaraz egiten zen. Idatzitako komunikazioan eta kanpora begira berriz, gutxiago.

 -Nola hartu dute langileek Euskara Plana?
Harrera oso positiboa izan da. Euskara Planaren bitartez, gure helburuetako bat, langileen parte-hartzea sustatzea izan da enpresarekin harremana duten gauzetan. – Zenbat denboraz luzatu da Euskara Plana Tximelan? Hau planaren hirugarren urtea da. Gauzak ondo egin nahi ditugu eta poliki goaz, gure enpresako eguneroko lanek ez digutelako denbora libre asko uzten. Nire ustez euskararen sustapena urte askotan zehar luzatuko den lana izango da gure enpresan eta hasi besterik ez gara egin.

-Zein izan da lanik gehien eskatu dizuen atala?
Gehienak ohituta geunden euskaraz hitz egitera baina ez ordea idatziz komunikatzeko. Arlo horretan hutsune asko ditugu gehienek eta prestakuntza luzea izango da. Lehen esan dudan bezala, gauza txikietatik hasi gara. Adibidez, artxibategien izenburuak euskaratu ditugu.