Lan bakoitzak egile bakarra izan beharko du, eta originalak zein argitaratu gabeak izan behar dute. Lehiakideek nahi adina testu aurkez ditzakete.
Andoain, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul eta Zizurkilgo 10 eta 17 urte arteko gazteek har dezakete parte lehiaketan. Adinaren araberako mailatan banatuko dituzte lehiarako: A mailan, 10 eta 11 urte arteko idazleak sartuko dira eta, asko jota, hiru orrialdeko lanak aurkez ditzakete. Maila honetako irabazleari 100 euro emango dizkiote. B maila, 12-13 urteko lehiakideekin osatuko dute. Horiek luzeago idatzi beharko dute: hiru eta zortzi orrialde artean. Irabazleak 110 euro jasoko ditu. C mailan, 14-15 urtekoak ariko dira, eta D mailan, 16-17koak. B mailan bezala, hiru eta zortzi orrialde artean idatz dezakete azken bi taldetako idazleek, eta 250 euroko saria jasoko dute maila bakoitzeko irabazleek.
Lanak entregatzeko ohiko prozedura erabiliko dute: lan bakoitzeko lau kopia aurkeztu beharko dituzte urriaren 11n, 10:00etatik 13:00etara, Bastero kulturgunean.