“Ithaka” & Muzak
“Katapulta Tour Gipuzkoa 2023″ programarako hautatutako musika-taldeak.
ITHAKA taldea 2021ean sortutako Orio eta Zarautzeko 4 gaztek osatzen dute: Leire Olariaga (ahotsa eta teklatua), Eneko Eizagirre (Baxua), Arantza Igartua (Gitarra eta ahotsak) eta Josune Freire (Bateria, saxofoia eta ahotsak). Beraien musikan norabiderik gabeko belaunaldi baten oihu eta doinuak islatzen dira. Talde berri honek soinu eta helmuga desberdinetara iritsi nahi du, musika munduan beraien tokia aurkitu bitartean.
Abenduan Euskadi Irratiako “2022ko Gaztea Maketa Lehiaketan” parte hartu zuten «Amestu dezagun», «Piztiak eta «Ekaitza» abestiekin. Eta 20 finalisten artean egon ondoren, final haundira iristea lortu zuten eta»Amestu dezagun» abestiarekin “GazteBizHitza Saria” (entzuleen saria) irabazi zuten.
MUZAK proiektua Ruben Irigoyen (Elgoibar) eta Joanes Iñurrieta-ren (Soraluze) eskutik sortzen da eta 2020an Aitor Sagarmendi (Mutriku) proiektura batzen da baxujole moduan eta hirukotea finkatzen da.
2021eko abenduan taldearen lehen lana kaleratzen dute, “Programaturik” izenekoa, post-rockak eta rock-progresiboak eraginda.
2023ko urtarrilean estudioko bigarren lana aurkezten du taldeak, “Irabaziak eta galerak”, 4 abestiko EP-a, non rock-progresiboaren ikutuak mantentzen diren, oraingoan metal-musika gehiagorekin jolastuz eta beti groovea ahaztu gabe. Muzak talde dinamikoa da, etengabe aldatzen ari dena. Apirilian atera berri dute «Programaturik» abestiaren bideoklipa.