Arabieratik euskerara itzuli den lehenengo liburua, Arantzazu Royo Manterolak hernaniarrak itzuli du, Ogi Hutsa. Mohamed Xukri idazle ezagunaren liburua da, autobiografia gogorra eta gordina, trilogia bateko lehenengoa, eta 23 hizkuntzatara itzuli dutena. Hauxe da Royoren lehen itzulpen lana. EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean aritzen da Royo, aspalditik, bulegari lanetan. Itzulpen karrera egina du, eta hizkuntza asko menperatzen ditu; tartean, arabiera. Gogoan zebilkien itzulpen lan bat egitea, eta Kronikari kontatu dio, zergatia.
Zergatik aukeratu zenuen liburu hau itzultzea?
Liburua frantsesez ezagutu nuen, eta txundituta geratu nintzen han kontatzen zenarekin, baina batez ere kontatzeko moduarekin. Bestalde, arabiera eta itzulpengintza ikasita, biak lantzeko gogoa nuen, eta liburu hau egokia iruditzen zitzaidan horretarako. Esaldi laburrak ditu, estilo xumea erabiltzen du idazleak, ezagutzen ditudan hizkuntzetan ere bazegoen, laguntzeko…
Debekatu egin zuen Marokok liburu hori? Zergatik?
Batez ere sexu esplizituagatik. Prostituzioa, drogak, homosexualitatea, irainak… mundu hori azaleratzen du, eta hori ez da kontatzen, bizitzen bada ere. Autobiografikoa da. Bai, autobiografikoa da. Xukrik bere bizimodu latza baino latzagoaren berri kontatzen digu. Zazpi urte zituela Rif aldeko herri txiki batetik Tangerrera emigratu behar izan zuten, goseak eta lehorteak hartaratuta; hortik hasi, eta 20 urte zituela idazten eta irakurtzen ikastea erabaki arteko pasadizoak kontatzen dizkigu. Zer gertatu zen, zer pentsatzen zuen, nola bizi izan zituen urte horiek… Gordin kontatu ere, batere apaindurarik gabe.
Zer aportazio egin dezake obra honek?
Tangerren eta Tetuanen kokatzen da, Tanger nazioarteko hiria zen garaian gehienbat, Espainiako protektoratuaren garaian, eta hori ezagutzeko aukera ematen du. Bertakoak eta atzerritarrak nola bizi ziren, ohiturak… Niretzat, izugarri aberasgarria izan zen itzultzea. Horretarako, sakon irakurri behar dugu esku artean dugun lana, eta prozesu horretan, hainbat eta hainbat ñabardura ikusi ditut, lehen irakurraldian ikusi ez nituenak. Irakurtzen erakusten dit itzultzeak. Asko dago hitzaren inguruan.
Zinera ere eraman da. Zer iruditu zaizu?
Youtuben dago, atalka, eta denak ez ditut ikusi, baina ikusi ditudanak ez naute konbentzitu, egia esan. Jakina, nik irudikatu dudanetik hor azaltzen diren irudi batzuetan ikusi dudanera… Askoz gusturago ikusi dut bera hizketan, 9 minutuko bideotxo batean, liburuan agertzen diren bi pasadizo kontatzen, gaztelaniaz (eta oso ondo). Hori ere YouTuben dago (bilatu Tanger Mohamed Choukri; bigarren minututik aurrera, gaztelaniaz).
Zenbat hizkuntzatara itzuli da?
Hogeita hirura, oker ez banago.
Autorea ezagutzeko aukerarik izan al zenuen?
Ez nuen ezagutu, ez. Baina hari buruz asko idatzi da, eta handik eta hemendik bildu ditudan artikulu eta abarren bidez izan dut haren berri, liburuaz gain, noski. Itzuli dudan liburu hau trilogia baten lehena da, eta hor kontatzen digu bere berri.
Zure lehen itzulpena da. Zailtasun haundiena zein izan duzu?
Bat baino gehiago, baina laguntza handia izan dut bidean. Hiztegiak, Google (zer egingo genuke Google gabe?), eta adiskideak. Baita Marokon ere. Zailtasunak, edo gorabeherak… Hitanoa erabili dut, giroak hala eskatzen zidalako, eta bazuen horrek zer landua, plano diferentetan moldatu behar nuelako, narrazioa eta pentsamendua tartekatzen, adibidez (bere buruari ari denean beti hika); eta pertsonaien arteko elkarrizketetan, berriz, nola irudikatzen nituen pertsonaiak, hala. Bestalde, pertsona eta leku-izenak nola adierazi ez da erraza izan. Liburuan erabiltzen diren aditz-denborekin ere ibili nintzen bueltaka, nahastuta agertzen baitira. Hitz batzuk jatorrizko hizkuntzan mantendu dituzu. Zer dela eta? Ez zen erraza izan erabakitzea zeintzuk itzuli eta zeintzuk ez. Kultur hitz batzuk bere horretan utzi behar nituela iruditzen zitzaidan, oin-oharren bidez azalduta. Adibidez, Kif-a zer den adierazi dut oharraren bidez: «cannabis landare emearen lorea edo hazia, xehatuta. Poltsatxo biribil batean biltzen da, eta bereziki horretarako erabiltzen den pipa txiki batean (sebsian) erretzen, tabakoarekin nahastuta». Edo tajina: «okela, arraina edo barazkiak erregosteko erabiltzen den lurrezko ontzia. Izen bera hartzen du bertan erregositako jakiak». Hizkuntza asko menperatzen dituzu. Itzulpenerako alderik, batetik bestera? Arabieraren kasuan, itzulpenerako tresna egokiak izatea konplikatuxeagoa da. Grafiatik hasita; ordenadorea horretarako egokitu behar da, eta bilaketak arabieraz egiteko ere, lan gehiago eskatzen dit, ezagutzen dudan beste edozein hizkuntzekin baino. Hizkuntzaz beraz aparte, beste hizkuntzetako kulturak ezagunagoak, hurbilagoak zaizkit, eta itzultzen dugunean ez dugu hitza soilik itzultzen. Hitzen eta esamoldeen atzean dagoena jaso behar dugu itzultzen ari garen hizkuntzan. Dena adierazten ez badugu ere, atzean zer dagoen jakin behar dugu.
Arabiera non ikasi du Arantzazuk? Arabiera klasikoa?
Hizkuntzekin ondo moldatzen naiz, eta frantsesa eta ingelesa ikasi ondoren, beste zerbaitekin jarraitu nahi nuen, baina erabat bestelakoa. Halaxe erabaki nuen arabiera ikastea. Donostian hasi nintzen, eskola partikularrekin, eta gero udako ikastaroak egiten hasi nintzen. Hilabeteko bana egin nuen Tunisian eta Rabaten, baina nahikoa ez horrekin. Damaskon eskaintzen zuten ikastaro luzeagoa, eta hara joan nintzen 1997an lehen aldiz. Kairon egin nuen egonaldirik luzeena, ia urtebete, eta berriro itzuli nintzen Damaskora, duela lau urte, uda pasa. Arabiera estandarra ikasi izan dut beti; dialektoak ere bai, tarteka, baina ez bestea bezainbeste. Estandar hori ez da hitz egiten kalean. Frantsesek arabiera literarioa esaten diote, hau da, hedabideetan eta liburuetan baino ez da erabiltzen.
Arabieraren ezaugarriak zein dira?
Hasteko, eskuinetik ezkerrera idazten da. Ez du letra larririk, eta hitz arruntarekin nahasteko arriskua dagoenean, batzuetan, komatxoak edo parentesiak erabiltzen dituzte bereizteko, baina ez beti. Erroen arabera moldatzen da hizkuntza. Erro batetik ateratzen dira hitzak eta aditz formak, eta horiek nola funtzionatzen duten jakin behar da. Badu zail gertatzen den kontu bat: ez dituzte bokalak idazten normalean (hiru dira), eta horrek, batzuetan, deszifratzea eskatzen dit. Hitzak begi-kolpe batez ezagutzeko prozesua askoz luzeagoa da, ezagutzen ditudan beste hizkuntzen aldean.
Euskaldun asko al zarete arabiera dakizuenak?
Bat edo beste ezagutzen dut, bai, baina oso gutxi. Izango dira gehiago, seguru, nik ezagutzen ez ditudanak.
Mohamed Xukri (1935-2003) eta Ogi Hutsa (al-Khubz al-Hafi) «Giza desesperazioaren dokumentu benetakoa, izugarrikeria»
Miel Angel Elustondok horrela aurkeztu zuen Mohamed Xukri eta haren lana, Durangoko Azokako aurkezpenean:
«Mohamed Xukri (Rif, Maroko, 1935 – Tanger, 2003). Idazlea. Gaur hemen euskaraz aurkezten dugun Ogi Hutsa (al-Khubz al-Hafi) nobela autobiografikoa du nazioartean aipamen eta sona handienak eman zizkion lana. Giza desesperazioaren dokumentu benetakoa, izugarrikeria, Tennessee Williamsek deskribatu zuenez».
«1935ean jaio zen Ayt Xiker-en, edo Had, Bni Xiker-en Rif mendialdeko Nador eskualde berberean. Gosete garaian sortu zen, miseria gorrian. Familian, bederatzi ume izan ziren, gutxienez, eta jenio biziko aita: hebain-hebain egiten zituen andrea eta umeak. Ez da debaldetan esana: Xukriren neba-arrebatan zortzi aitaren bortxak, goseak edo zaintza faltaz hil ziren. Zazpi urte zituela, Tangerren zen Mohameden familia osoa. Ondoren, Tetuanen».
«Aitaren tiraniatik ihesi, Tangerra joan zen, 11 urterekin, bakarrik. Tangerren, etxegabe bizi izan zen auzorik txarrenetan, lapurretan, biolentzia giro gogorrean, droga artean, eta bere burua –bere buru gaztetxoa–, behin baino gehiagotan prostituitu zuen. Han ikasi zituen gaztelaniazko lehen hitzak. Garai latz horixe dugu Ogi hutsa nobelan modurik gordinenean kontatzen duena».
Liburuaren ibilbidea, Arantzazu Royoren hitzetan:
«Liburu honek, arabieraz baino lehen, beste hiru hizkuntzatan ikusi zuen argia, eta, oinarria, beraz, jatorrizkoa, eskuizkribu bat izan zen, ez argitalpen bat. Bi idazle ezagunen eskutik iritsi zen liburu honen berri mendebaldera, eta Marokon bertan ere, frantsesez irakurri ahal izan zuten, arabieraz baino lehen. Lehenengo, ingelesez agertu zen (Paul Bowles, 1973), gero frantsesez (Tahar Ben Jelloun, 1980), gero gaztelaniaz (Abdellah Djibilou, 1982ko urtarrilean)… Xukrik idatzi zuenetik 10 urtera argitaratu zen lehen aldiz arabieraz (1982ko maiatzean). Berak ordaindu omen zuen argitalpena, frantsesezko itzulpenaren egile-eskubideetatik jasotzen zuen diruari esker. Liburuak ez zuen, ordea, luze iraun dendetan, handik urtebetera zentsurak bahitu baitzuen, 17 urtez. 2000. urtean ikusi zuen argia, berriro».
*Iturria: Hernaniko Kronika