Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Auzoko egitasmoa jarri dute martxan Euskal Herriko sei herritan

Auzoko egitasmoa jarri dute martxan Euskal Herriko sei herritan

Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioa, hainbat erakunderekin lankidetzan Auzoko izeneko egitasmoa jarri du martxan Euskal Herriko sei herri eta auzotan. Egitasmoak hiru helburu ditu: euskaratik urrun dauden herritarrak euskarara hurbiltzea; herritarrak herriko hizkuntza-aniztasunaren jabe egitea eta hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzea, norberarena aintzat hartuta, euskara komunikazio eta kohesio hizkuntza dela eta etorkizunera begira bide horretan sakondu nahi dela oinarritzat hartuta.

 

Oraingoz egitasmoaren baitan sei herri eta auzo daude (Agurain, Berriatua, Bergara, Donostia, Orio eta Zeanuri). Horietan esperientzia pilotuak jarri dituzte martxan; Auzoko lagun taldeak osatu eta bi profil bereizi dituzte: Auzotarrak (egunerokoan euskaraz aritzen diren herritarrak) eta Auzokideak (euskaraz ez dakiten herritarrak). Egitasmo honekin euskara gerturatu nahi da euskaraz ez dakienari, euskararekin jolastuz eta ludikotasunaren bitartez. Bide batez, hizkuntza ezberdinak dituzten herritarrak harremanetan jartzeko bide bat da.

 

Uneotan egitasmoa bi ildotan banatuta dute: alde batetik, komunikazioa lantzen ari dira, herritarrei hizkuntza-aniztasuna eta Auzoko egitasmoa zer den azaltzeko. Bestetik, Auzoko lagun taldeak martxan jarri dituzte, herritarrak berdintasun egoera batean euskaraz komunikatu daitezen, aniztasuna eta elkartrukea jorratuz. Horretarako, 30 hizkuntzatan (aymaraz, sererrez, ketxuaz, urduz, gaztelaniaz…), herrietan hitz egiten diren hizkuntzatan, poltsikoko hiztegitxoak sortu dituzte. Auzoko lagun taldeak hamabostean behin edo astean behin ordu erdiz biltzen dira. Modu ludikoan euskaraz aritzeko.