Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Beterriko IV. bertsolari txapelketa, abiatzear

Beterriko IV. bertsolari txapelketa, abiatzear

Duela lau urte jarri zen martxan Beterriko bertsolari txapelketa. Amaia Agirre antolatzaile lanetan aritzen da eta berak eman ditu ekimenaren inguruko azalpenak: "Lehen urte hartan adin muga baten barruko bertsolariak aukeratzea erabaki genuen, 25 eta 30 urte artekoak alegia. Orain arte, adinaren irizpide hori mantendu izan dugu beste aldagai batzuk aldatuz; lehen urtean bertsolari guztiak gipuzkoarrak izan ziren, bigarren urtean Euskal Herri osoko ordezkariak, iaz berriz ere gipuzkoarrak… Aurten, adin mugaren irizpidea alde batera utzi dugu, eta joku pixka bat emango zuten taldeak antolatzen saiatu gara". Ariketak iazko ildo beretik joango dira ziurrenik: "Ohiko txapelketekin alderatuta, ariketa bereziak izaten dira, nahiz eta ohiko bertso moldeetan aritzeko aukera ere ematen zaien. Epaimahaia ere berezia izaten da, ikusleek emandako bozkek erabakitzen baitute zein talde izan den garaile. Afalgaraian eta taldeka egiteak, nortasun berezia ematen dio txapelketari", azaldu du Amaiak.

 

Neskak eta mutilak

Aldaketa nagusi bat ere ekarriko du aurtengo txapelketak: "Iaz neskarik ez genuen izan txapelketan eta aurten neskaren bat izatea nahi genuen. Azkenik, sei neska eta sei mutil aukeratu ditugu eta adinen arabera banatu ditugu, gazteenak talde batean eta helduxeagoak beste talde batean. Gure helburua ez da nesken aldeko aldarrikapena egitea, ahalik eta saltsa handiena sortzea baizik, eta txapelketa antolatzeko garaian, horretan saiatu gara".

 

Nesken bi taldeak elkarren aurka lehiatuko dira Andoainen, urtarrilaren 21ean jokatuko den kanporaketan eta mutilen bi taldeak, Asteasun arituko dira nor baino nor, urtarrilaren 28an. "Finalean, beraz, nesken talde bat mutilen talde baten aurka arituko da", argitu du Amaiak. "Bertsolariak oso gogotsu daude, beraien arteko lehia txiki hori antzematen da dagoeneko", gaineratu du.

 

Lehenengo kanporaketa urtarrilaren 21ean izango da Andoaingo Ontza elkartean 20:30ean. Bigarren kanporaketa urtarrilaren 28an izango da Asteasuko Aintz-Ondo elkartean. Finala, berriz, Villabonan izango da otsailaren 12an Behar-Zana elkartean.

 

* Iturria: Aiurri (osorik irakurri)