Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Hernanin heldu euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko joera dute
Hernani

Hernanin heldu euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko joera dute

Hernaniko Udal Liburutegian heldu euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko joera dute. Irakurleen gomendioekin osatutako Kuttunenak irakurketa-gidan deigarria da herritar gehienek gaztelaniazko liburuak aholkatzen dituztela, nahiz eta aholku horiek euskaraz idazten dituzten. Liburutegiak euskarazko irakurgaien gomendioak gaineratzen dizkio gidari, orekatzeko, baina hala ere, gaztelania da nagusi, eta hiru liburutik bakarra da euskarazkoa.

Hernanin iaz maileguan utzi ziren liburuetatik %24 ziren euskaraz. 5.894 euskarazko liburu hartu ziren maileguan; gaztelaniaz 18.264 liburu eta beste hizkuntzatan 345. Gaur egun liburutegian euskarazko 11.846 liburu daude; gaztelaniakoak 33.619 eta beste hizkuntzatakoak, berriz, 741.

DVDen maileguari dagokionez, egoera antzekoa da. Iaz maileguan 4.404 euskarazko DVD hartu ziren (maileguen %29a), 10.035 gaztelaniaz eta 409 beste hizkuntzatan. Heldu euskaldunek gaztelaniaz irakurtzeko joera hau badirudi nahikoa orokorra da Euskal Herriko udal liburutegietan.

Hernaniko liburuzainak adierazi duenez, euskaraz irakurtzeko joera gazteagoek dute, 20-40 urte artekoek, «ohituagoak baitaude». Liburutegian gehien irakurtzen diren liburuak best-sellerrak direla azpimarratu du, horregatik liburu hauek itzultzearen aldekoa da, «Harry Potter-en liburuak dira adibidea. Gainontzeko hizkuntzatan bezain azkar itzuli ziren euskarara eta irakurri egin dira, esku askotatik pasa direla nabari da».

* Iturria: Argia aldizkaria