Lau urtez behin jokatzen den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia aurkeztu berri dute eta bertan, besteak beste, eskualdeko sei bertsolarik hartuko dute parte. Batzuk kanporaketetan lehiatuko dira eta beste batzuk laugarren final aurrekora eta finalera pasako dira zuzenean, azken txapelketan egindako lanari esker. Lehenengo kanporaketa hilaren 29an izango da Amasa-Villabonan.
Final handia berriz, Barakaldoko BECen izango da abenduaren 15ean eta bertan izango den bertsolari bakarra ezagutzen da gaur egun: Maialen Lujanbio hernaniarra, 2009ko txapelketa nagusiko irabazlea.
Muina bertsogintzan jarrita, 43 bertsolarik, 14 gai-jartzailek eta 16 epailek hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Hona hemen eskualdeko parte-hartzaileak eta bakoitzaren saioen inguruko informazioa:
Bertsolaria | Kanporaketa (herria) | Data |
Agin Laburu (Astigarraga) | Markina-Xemein | 2013-10-05 |
Aitor Mendiluze (Andoain) | Murgia (4. Final aurrekoa) | 2013-11-17 |
Iñaki Zelaia (Hernani) | Hendaia | 2013-10-12 |
Jexux Mari Irazu (Larraul) | Altsasu | 2013-10-13 |
Maialen Lujanbio (Hernani) | Barakaldo (Finala) | 2013-12-15 |
Unai Agirre (Hernani) | Altsasu | 2013-10-13 |