Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Hizkuntzaren inguruko bizipenen topaketa izan da Hernanin
Hernani

Hizkuntzaren inguruko bizipenen topaketa izan da Hernanin

Bi hizkuntza edo gehiagotan bizi izateak dakartzan erronka, deserosotasun, aukera eta esperientziak ezagutu eta konpartitzeko topaketa izan berri da Hernanin. Ekainaren 3an izan zen ekimena Biteri Kultur Etxean eta jatorri oso ezberdinetako 40 lagun inguru elkartu ziren.

 

Banaiz Bagara Elkarteko kide den Petra Elser izan zen topaketako moderatzailea eta, besteak beste, Garabidek, euskararen galera eta berreskuratze prozesuen inguruan, egindako bideo baten zatitxo bat ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Horrez gain, hainbat herritarren testigantzak entzun ahal izan zituzten: Galiziatik etorri eta euskaraz ikasi duen emakumea; 60-70eko hamarkadako immigrazioa bizi izan zuen euskalduna; bertako euskalduna, kontzientziaduna eta euskararen normalizazioan lan egiten duena; 60-70eko hamarkadan Burgostik etorritako pertsona eta gaur egun Mintzalagun egitasmoan parte hartzen duena; Marokotik etorri berriak diren hiru pertsona… Horiek guztiek, hizkuntzaren inguruan sentitu eta bizi izan dutena azaldu zuten.

 

Testigantzak entzun ostean solasaldi interesgarriak izan ziren parte hartzaileen artean. Bertan zeudenek iritzi, sentimendu eta ikuspegi desberdinak eman zituzten, beti ere bizipen pertsonaletatik abiatuta, eta zintzotasun handiz. Antolatzaileak gustura agertu dira ekimenak izan duen harrerarekin.