Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Maria Angeles Ibarguren: "Nik transmititu nion euskararekiko maitasuna alabari, eta orain biloba da nire euskara irakasle onena"
Andoain
Hernani

Maria Angeles Ibarguren: “Nik transmititu nion euskararekiko maitasuna alabari, eta orain biloba da nire euskara irakasle onena”

Argentinarra dauka azentua, Maria Angeles Ibargurenek. Baina euskal herritarra da, Itsa­son­dokoa jaiotzez, eta Andoainen bizi izandakoa. Ia euskara hutsean egiten zuen txikitan, eta euskara ikasten ari da orain; berreskuratzen, hobe esanda. Necochean iga­rotako 60 urteetan galdutako ohiturari, berriro heltzen.
Oso gazte zela, zortzi urte­rekin, joan zen Ibarguren Argen­tinara, gurasoekin eta anai-arrebekin, Frankismotik ihesi: «errepublikazalea zen aita, eta pertsegitu egin zuten. 1952an egin zuen berak ihes Necocheara. Lurrak erosi, etxea egin, eta hurrengo urtean joan ginen gu», dio Ibargurenek.

«Necochean euskaldun asko zeuden, baina egunerokoan ez ginen euskaraz bizi»
Gogoan dauka nola, beraiek bizi ziren nekazal ingurunean, bizilagun asko ziren euskaldu­nak: «Necochean euskaldun asko zeuden, eta Euskal Etxea oso handia da han; euskara ikastaro batzuk ere ematen zituzten. Baina egunerokoan, ezin genuen euskaraz bizi, eta galdu egin nuen pixkanaka».
Ez, ordea, euskararekiko eta euskal kulturarekiko mai­ta­su­na: «nik eta ahizpak, beti jotzen genuen Euskal Etxera, eta eus­kara ikastaroak ere egin geni­tuen. Nire alaba bertan hasi zen euskara ikasten, pixka bat. Ez ginen euskaraz bizi, baina bai euskal giroan. Euskarak inte­res handia pizten du Necochean, eta familiatik haratago joatea lor­tzen du euskararen trans­mi­­sioak, han».


Maria Angelesek transmiti­tu zion maitasun hori alabari, eta askotan egin zuten bidaia Euskal Herrira, elkarrekin. Baina bidaietako bat, den­bo­­ran luzeena, bakarrik egin zuen alabak: Bilbora joan zen, ikas­tera. «Hainbatetan Euskal He­rri­ra etorri ondoren, esan zidan: ‘ama, hau da nire tokia mun­duan’», gogoratzen du Ma­ria Angeles Ibargurenek.


Bilbon ikasi ondoren, Ando­ainera etorri zen bizitzera, eta Hernanin ezkondu zen azke­nik. Duela lau urte etorri zen bera, alabaren pausoei segika, Necocheako ospitalean emagin izan ondoren, 37 urtez.

 

*Oharra: Urumeako Kronikatik hartutako artikulua

Irakurri osoa hemen