Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz idatzitako ikasketa amaierako lanik onenak saritu dituzte
Andoain
Astigarraga
Hernani
Lasarte-Oria
Urnieta
Usurbil

Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak euskaraz idatzitako ikasketa amaierako lanik onenak saritu dituzte

Hala, lehen saria, 1.500 euro, Ander Malbadik lortu du Oronak gauzatutako lanari esker, “Igogailuen gida-sistemaren neurgailua”. Amaia Buenok bigarren saria lortu du, 500 euro, Ideko enpresan egindako lanagatik, “Proteomika arloan lagin prestaketarako makina-prototipo baten diseinua eta fabrikazioa” izenburua duena.

Gaurko sari banaketan, Mikel Lezamiz izan da Mondragon Korporazioaren izenean, Idoia Peñacoba aldiz, MUaren izenean eta Pello Olaskoaga Ideko enpresaren izenan. Oronako ordezkari bat ere etortzekoa zen, baina arazo batzuk tarteko ezin izan da presente egon.

Aurtengoan, 176 proiektu egin dira guztira euskaraz eta horietatik 32 aurkeztu dira sarira. Mikel Lezamizen hitzetan, sari hauek banatzen jarraituko dute, euskararen normalizazioa egia bihurtu arte. Edizio berria, 2014koa, abian da dagoeneko.

Tutoreen babesa

Protagonistek gustura eta ilusioz jaso dituzte sariak, eta azaldu dute batzuetan lan arloetan ohitura eta inertziekin apurtzeko ahalegina egin behar bada ere, unibertsitateko eta enpresetako tutoreen babes osoa izan dutela. Izan ere, biek onartu dute bai Oronan bai IDEKOn ere egunerokotasunean euskaraz egiten bada ere, lan alor espezifikoan askotan dokumentazioa gaztelaniaz lantzen dela. Are gehiago, Ander Malbadik azpimarratu du euskarazko proiektuak saritzeko premiarik ez lukeela egon beharko.