Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. Zer ikasi, ikasleen une erabakigarria

Zer ikasi, ikasleen une erabakigarria

2008-2009 ikasturteak oro har zer nobedade dakartza?

Mikel Ormazabal: Une honetan, trantsizio egoeran gaude, Lanbide Heziketan titulu berriak ateratzekotan baitira. 1200 eta 1400 ordukoak diren Erdi Mailako ziklo batzuk 2000 ordutara pasatzera doaz. Baina aldaketak atzerapen handiz datoz. Bospasei ziklo aldatu dira baina ikasturtean zehar aldatzeko asmotan gabiltza. Bestalde, Lanbide Heziketako lege berria atera da eta horrek ikastetxe egitura desberdinak eskatzen ditu. Eusko Jaurlaritza, ikastetxeen sailkapen hori nola burutu, lege barnean nola txertatu lantzen ari da.

Aniztasun handiagoa dago eskaintzan. Alor teknikotik kanpo dauden titulazioek zer moduzko harrera dute?

M.O.: Une honetan, gehien jaitsiko diren tituluak administrazio alorrekoak izango dira, ez baitute arrakastarik izan. Ez dago horren beharrik. Berriz, ziklo industrialei eman behar zaie erantzuna. Hor izugarrizko kezka dago. Une honetan lan munduak eskatzen dituen teknikari kopurua betetzeko gai ez gara, ikasle faltagatik.

Matrikulazioari begira, zer nolako aurreikuspenak beraz?

M.O.: Ikasleen kopurua jaitsiko da. Kezka asko dago ikastetxeetan. Ikastetxeen eta irakasleen etorkizuna hor dago. Kanpora begira, enpresek behar dituzten teknikariei erantzunik ez zaie ematen. Unibertsitateak ere jendea nahi du, baina ikasle gutxiago dago. Lehia dago Lanbide Heziketa eta Unibertsitatearen artean.

Datozen urteetan ikasle faltak bere horretan jarraituta, ondorioak kezkagarriak izan daitezke?

M.O.: Bai. Lau urteetan izango da. Lanbide Heziketako ikastetxeok irakasleen eszedenteak sor daitezkeen kasuetan, kontratu programen bidez, irakasle horiek hezkuntza sistema barruan mantentzea eskatzen ari gara; tarte horretan, formakuntza berri bat egin dezaten. Lau urte barru ikasle kopurua igotzen den heinean, irakasle eta ingeniari horiek beharko ditugu.

Hezkuntza Sailak horretarako borondatea du. Bestela, zer nolako erronkak ditu Lanbide Heziketak?

M.O.: Teknologia berrietan murgildutako hezkuntza eskaintzea. Enpresek eskatzen dutena, baloreetan oinarrituko hezkuntza da. Bestela, Teknika erakundearekin elkarlanean proiektu berriak gizarteratzea, hitzarmenen bidez enpresekiko hartu eman estua lortzea, ikastetxeetako ingeniarien birziklatzea enpresetan egitea, ikasleek kontratu bidez lana eta ikasketak uztartzea… Matrikulazio garaia badator. Lanbide Heziketan titulu berriak sortzekotan dira.

Matrikulazio kopurua jaisteak kezka eragiten du. Zuengana doan ikasle berri horri zer esan?

M.O.: Gustuko duena aukera dezala, baina ikusi baita ere gustuko duen titulazio horrek zer irtenbide profesional dituen. Ondo pentsa dezala zer egin nahi duen. Lanbide Heziketan aukera handiak daude. Asko lantzen ari gara ikasleen sormena. Merezi du, lan mundurako oso ondo prestatzen du. DBH eta Batxilergoekin alderatuta, jaitsi egiten da zikloetan euskaraz matrikulatzen direnen kopurua.

Zer modutan interpretatu behar da hori?

M.O.: Lanbide Heziketako ikastetxeok guztia euskaraz eskaintzeko borondatea, nahia eta helburua dugu. Ikasle guztiak ikasketak euskaraz egitea eskatuz etorriko balira, euskaraz emango litzateke. Baina une honetan, ez da halakorik gertatzen eta gelak osatzeko ikasle kopurua oso murritza da. Hemendik 2012 arte, ikasle kopurua bai batxilergoan zein Lanbide Heziketan oso txikia izango da. Lehen Derrigorrezko Hezkuntzan izandako ikasle krisialdia, orain etorri zaigu etapa hauetara. Horrek eredu bakarra jartzea ekarri digu, B eredu nahiko sakona. Ikastetxeok ahal dugun ikasleei ahal dugun neurrian erantzuna euskaraz eman nahi diegu. Agian gehiago egin beharko genuke, baina horretarako ere malgutasun handirik ez dugu.

BURUNTZALDEAREN KANPAINA BERRIA

“Aukera ezazu, aukera gehiago eta hobeak izan ditzazun” lemapean aurkeztu dute Buruntzaldeko udaletako euskara batzordeek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ondorengo ikasketak euskaraz egitera bultzatzeko kanpaina. Batxilergo edota Erdi nahiz Goi Mailako zikloetako eskaintzaren batean matrikulatzera doazen ikasleei zuzendutako ekimena da, aurrekoetan ez bezala hezkuntza etapa honetan D eredua ez baita nagusi gaur egun.Zikloetan aurre matrikulatzeko epea ekainaren 2tik 13ra izango da.