Otsailaren 19an Lasarte-Oriako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak apirilaren 21ean eta 22an Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango diren Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen II. Topaketak aurkeztu zituzten. Aurtengo topaketetan hainbat berrikuntza daude, nabarmenenak: bloga eta sare sozialak. Joan den urtean www.udaltop.com webgunea jarri zen martxan eta aurten bloga gehitu zaio. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta berau sare anitzagoetara zabalduz.
Topaketetan "Nerabeen aisia eta lagunartea" gaia landuko da eta "Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?" galderari erantzuten ahaleginduko dira adituak. Hamar ponentzia aurkeztuko dira orotara eta iaz bezala, talde-lanarentzat ere izango da tartea.
Matrikulazioa www.udaltop.com webgunean egin daiteke, otsailaren 22tik martxoaren 22ra bitartean. Matrikulazioaren prezioa 80 € da eta 25 urtez azpiko ikasleek 25 € ordaindu beharko dituzte.