Gaur martxoaren 29an, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako udalek eta Euskadiko Kutxak euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute.
Hitzarmenaren helburua euskararen erabilera areagotzea izanik, sinatzaileen artean hartuko duten konpromisoetako bat da elkarren arteko harremanak, ahozkoak nahiz idatzizkoak, euskaraz izan daitezen saiatzea. Horretaz gain, euskara ahalik eta gehien erabiltzen saiatuko dira beren funtzionamenduko esparru guztietan.
Euskadiko Kutxa, bere aldetik, udalerri hauetako bulegoetan euskararen presentzia ugaltzeko ahalegin berezia egitera konprometituko da eta hori posible izan dadin, zenbait neurri hartuko ditu. Bost eremutan eragingo dute aipatu neurriek: bezeroarekin dituen harremanetan, eskaintzen dituen zerbitzuetan, langileen eremuan, kanpo komunikazioari dagokionean eta idatzizko dokumentazioarenean.
Aipatu udalak, beren aldetik, hitzarmenaren edukiaren eta garapenaren berri herritarrei adierazteaz arduratuko dira.
Hitzarmenean jasotzen diren konpromisoak lau urterako hartu dira eta berau eraginkorra izan dadin, jarraipen-batzorde bat jarriko dute martxan sinatzaileek.
Mahaikideak hauek izan dira:
- Euskadiko Kutxako Buruntzaldeko zuzendaria: Iñaki Altuna Gaztelumendi jn.
- Andoaingo Udaleko euskara-batzordeko lehendakaria: Petri Romero Pozo and.
- Astigarragako Udaleko alkatea: Bixente Arrizabalaga Bengoetxea jn.
- Hernaniko Udaleko euskara-delegatua: Idurre Lucas Ezkioga and.
- Lasarte-Oriako Udaleko alkatea: Iñaki Mújica jn.
- Urnietako Udaleko alkatea: Miguel Izaguirre Recondo jn.