Albisteak

  1. buruntzaldea
  2. Albisteak
  3. "Baietz Gurean!" ekimenean bost enpresa berrik hartuko dute parte

“Baietz Gurean!” ekimenean bost enpresa berrik hartuko dute parte

Buruntzaldeko udalek Baietz Gurean! ekimeneko hitzarmen berri bat sinatu dute eskualdeko bost enpresarekin. Beraz, hemendik aurrera euren enpresetan euskara sustatzearen alde lanean arituko dira Sulabe eta Adarra lan-tresnak (Hernani), Hostelera del Norte (Lasarte-Oria), Horma-Jaki ona (Andoain) eta Talleres Mecánicos Manuel Echeverria S.A. (Usurbil).

Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa 2005ean jarri zuten martxan Buruntzaldeko udalek. Egitasmoa abiarazi zutenetik 13 plan jarri dira martxan eskualdean. 2011-12 ikasturtean, berriz, Baietz Gurean! egitasmoarekin eman diote jarraipena.. Ekimenean parte hartzen duten enpresetan datu bilketa bat egiten da, enpresaren egoera linguistikoa zehazteko. Gero, enpresaren inguruko txostena prestatzen da eta euskararen erabilera hobetzeko proposamenak egiten zaizkio enpresari. Hobekuntza horiek lortzen baditu, 300, 500 edota 700 euroko diru laguntza jasoko du Udaletik. Helburua, hizkuntzaren egoera hobetzea da eta, pixkanaka, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Bikain ziurtagiria(k) eskuratzeko bidean jartzea.