Erronka zen urtebeteko epean 1.000 herritar baino gehiago aktibatzea beren egunerokoan euskararen inguruko ohituraren bat aldatzeko, eta amaierako zifren arabera, guztira 1.117 pertsonak eman dute izena egitasmoan. Eizagirrek azaldu duenaren arabera, "hilero inkesta bat erabili dugu erronkaren martxa kontrolatzeko eta herritarrek zituzten iritziak jasotzeko egitasmoaren inguruan".
Hainbat datu nabarmendu ditu elkarrizketan:
- Elebidunak izan dira izena eman duten hamarretik ia bederatzi (%88,9), baina 131 elebidun hartzaile aktibatzea ere lortu da
- Emakumeek nabarmen parte-hartze handiagoa izan dute gizonek baino (emakumeak %63,9 izan dira, eta gizonak %35,4)
- Adin-tarte batzuen aktibazioa askoz ere handiagoa izan da. Partehartzaileen ia erdiak (%44,8), 30 eta 44 urte bitartean dituzte.65 urtetik gorako oso jende gutxik parte hartu du, konparaketa eginez: erronkalarien %3,8 izan dira
Erronka talde desberdinak zeuden “Baietz Hernanik!” egitasmoaren baitan. Honakoak izan dira nagusiak:
- Euskaraz egitea “eremu guztietan, nire bizitzako harreman posible guztietan”, edota elebidun hartzaileen kasuan “euskaraz dakiten guztiei eskatzea euskaraz egiteko”
- Gertuko harreman sareetan euskaraz egitea, “familian”, “bikotekidearekin” edota “lagunartean”
- Lankideekin euskaraz egitea
Eizagirrek azaltzen duenez, “euskararen erabilerak gora egin du profil guztietan, elebidunetan eta elebidun hartzaileetan, nahiz eta apalagoa izan den, beste behin, bigarren horien artean. Baina ez hori bakarrik, erronkalariek adierazi dutenaren arabera, beren inguruan ere eragina izan du saiakera honek: erronkaren hartzaileek edo xede-taldeek ere, euskeraz gehiago egin diete erronkalariei”.
Elkarrizketa osoa hemen irakur dezakezue.