Aurten ere Andoaingo AEK euskaltegiak Andoaingo Udalaren Hizkide egitasmoa martxan jarri du. Egitasmo honen bitartez, hiru pertsonako lagun taldeak, bi euskaldun berri eta euskaldun zahar bat, astean behin elkartzen dira. Helburua, euskaraz hitz egitea da eta hortik aurrerakoak, zer egin, noiz eta non eurek erabakitzen dute.
Bigarren aldia da egitasmoa martxan jartzen dena eta dagoeneko sei euskaldun zaharrek izena eman dute. Beraz, oraingoz eskaintza handiagoa da eskaria baino. Hori dela-eta euskaraz hitz egiten trebatu nahi dutenak animatu nahi dituzte antolatzaileek. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek 943 591704 telefono zenbakira deitu edo andoain@aek.org helbide elektronikora idatzi beharko dute.